Zubieta kalea berritzea eta Osintxu biziberritzea, EH Bilduren lehentasunak 2019rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko abe. 14a, 10:58

EH Bilduk ez du begi onez ikusten Gobernuaren aurrekontu proposamena, eta bi aldaketa nagusi eskatu ditu: Zubieta kalea berritzea eta Osintxu auzoa biziberritzea; gainera, herriko gazteak emantzipatzeko Gobernuak bideratu duen laguntza hirukoiztea gura dute.

EH Bilduk emendakin partzialen bidez aurkeztuko ditu, abenduaren 17ko osoko bilkuran, 2019rako udal aurrekonturako proposamenak: "Gure proposamena Gobernuari azaldu ondoren, guretako garrantzitsuak diren partida batzuetan desadostasunak daude eta proposamen osoa onartzea ezinezkoa izango da".

Horrez gain, negoziazioarekin ez da gustura geratu oposizioko talde nagusia: "Ia itxita eta prentsan publiko egitearekin batera aurkeztu digu aurrekontua Gobernuak, aldez aurreko kontrasterik egin edo proposamenik jaso gabe. Aurrekontu parte-hartzaileak bideratzeko eskaera aurreko urteetan ere egin izan dugu eta aurten ere ez dute inolako asmorik azaldu". Hala ere, adierazi dute "orain arteko jarrera eraikitzailearekin" jarraituko dutela lanean.

Etorkizuneko proiektua definitu

Bergararako etorkizuneko proiektua bergarar guztien artean definitzeko beharra ikusten du EH Bilduk, eta horretarako bide ezberdinak proposatu dituzte: "Plan estrategikoa garatu, eraikin publikoen erabilera behar berrietara egokitu, eta udaltzain eredua zein Seminarixoaren kudeaketa birpentsatzeko baliabideak aurrekontuan txertatzea eskatu dugu".

Gobernuaren proposamenarekiko aldaketa nagusien artean, Zubieta kalea berritzea eta Osintxu biziberritzea proposatzen dute, eta baita honako hau gaineratu ere: "Berritzeko behar handiena duten kale eta auzoetan egiten diren lanek gizarte arloan eragin zuzena dute, eta gauzatu beharreko proiektuak dira. Zentzu berean, baserri bideak konpontzeko partida handitzea proposatu dugu".

Gazteen emantzipazioa sustatu

Hamazazpi "proposamen zehatz" bideratu dituzte, turismoan, gizarte zerbitzuen arloan, berdintasunean, ingurumenean eta hirigintza arloan, besteak beste: "Bergara hobetzeko eta baliabideen erabilera ahalik eta eraginkorrena egiteko proposamenak dira". Bestalde, bereziki gazteek emantzipatzeko duten zailtasunen aurrean, Gobernuak bideratuko duenaren hirukoitza bideratzea proposatzen dute.

Alkategaia eta programa

2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako prozesua martxan jarri du EH Bilduk. Alkategaia eta zerrendako ordezkariak aukeratzeko eta herri programa sortzeko lehen herri batzarra abenduaren 19an egingo dute, UNEDeko bigarren solairuan (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak