Amiantoak hil egiten du

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larrañaga

Nazioarteko adituek diote 2035era bitarte 400.000 lagun hilko direla Europan amiantoaren eraginez. Euskal Herrian ere amiantoaren eraginak oso larriak dira eta badirudi isilpean daramagun gaitza dela. 2018an 31 hildako eragin ditu amiantoak Hego Euskal Herrian eta 1993tik hasita 1867 dira hildakoak –zoritxarrez ez daude guztiak kontabilizatuta–.

Amiantoa mineral naturalez osatutako zuntz bat da. Bost motatako amiantoa aurki daiteke izadian, baina kristolito izenekoa erabili izan da gehien, eta hori da arriskutsuena. Kanada, Errusia eta Hego Afrika dira munduko amianto ekoizlerik handienak. Aspaldion, herrialde txiroei saltzen diete hauts pozoitsua. Hozberoari erraz eusten dio, eta nahiko merkea da. Europan asko erabili dute siderurgian, eraikuntzan, autogintzan eta etxetresna elektrikoen enpresetan.

Zuntz horren erabilera guztiz debekatuta dago Euskal Herrian eta, orobat, Europako Batasunean.

Hiru urte dira debekua indarrean sartu zela; poliki-poliki, amiantoa kendu dute lantegi gehienetatik. Aurretik, ordea, leku askotan zegoen, eta langileek, gainera, ez zekiten ez amiantoa zer zen, ez zer kalte zekarren.

Batez ere, 70eko hamarkadan erabili zen amiantoa.

Enpresek amiantoa erabiltzeari utzi badiote ere, oraindik arriskuan daude eraikin zaharrak eraisten lan egiten dutenak, eta lantegietan, bulegoetan, etxebizitzetan eta antzekoetan mantentze eta konponketa lanetan dabiltzanak. Igeltseroak, iturginak, arotzak, argiketariak, garbitzaileak, berogailu instalatzaileak eta halakoak.

Asbestosia, mesotelioma eta, oro har, biriketako minbizia sortzen du amiantoak. Amiantoak orban modukoez betetzen ditu birikak, eta erretzailea izanez gero gaixotzeko arrisku askoz handiagoa da, adituen arabera.

Tamalez, ez daude kontabilizatuta amiantoren eraginez hil diren pertsonen kopurua eta ez dira asko epaitegietara jo izan duten kaltetuak. Ez da bide erraza izaten; hala ere, egin beharreko bidea da injustizia honekin amaitu nahi badugu.

----------

Ainhoa Larrañaga

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak