Puntu bakarrarekin konformatu behar izan da Bergara

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 6a, 18:53
Bergara eta Allurre taldeko jokalariak baloiarengatik borrokan.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Bergara futbol taldeak Lezoko Allerru taldearen aurka jokatu du partidua, gaur, Agorrosinen. Penalti bat huts egin ostean, gola jaso, eta ondoren, berdindu duten arren, ezin izan diote markagailuari buelta eman. Hala, 1-1 amaitu da partidua.

Agorrosinen irabazteko gogoz zeuden bergararrak. Izan ere, hirugarren jardunalditik ez dute etxean irabazi. Hala, jokalariak gogoz irten dira futbol zelaira, baina partidutik puntu bakarra soilik lortu ahal izan dute.

'Animo Matxito!'

Partidua hasi aurretik, talde argazki atera dute bergararrek lesionatuta dagoen Iñi jokalariarekin batera, animoak emateko asmoz. Jokalariak, Animo Matxito! kamisetaz irten dira futbol zelaira, horretarako.

Etxean, ezin irabazi

Lehen zatia, hutsean amaitu da. Bigarren zatian, berriz, Lezoko defentsa batek eskuarekin ukitu du baloia beraien arean, eta penaltia jaurtitzeaz, Markel Ilzarbe arduratu da. Ondo bota duen arren, aurkarien atezainak baloia gelditu du. Horren ostean, partidua berotu da, eta falta ugari egin dituzte bi taldeetako jokalariek.

77. minutuan iritsi da lezokoen gola. Jokaldi baten ostean, buruz sartu dute gola aurkariek. Hala ere, gogotsu ekin dio Bergarak, eta aukera apartak izan dituzte, gola jaso ondoren. Partiduaren azken minutuetan, zortea alde izan dute mahoneroek, izan ere, 89. minutuan lortu du berdinketaren gola Bergarak. Ilzarbek penaltia huts egin duen arren, berdinketa lortu du gol eder bati esker. Hala amaitu da partidua, 1-1.

Mondrak garaipena eta UDAk berdinketa

Mondrak Oiartzunen aurka jokatu du gaur, partidua, etxetik kanpora. Bigarren zatian, Gorostolak sartutako golari esker, hiru puntuekin bueltatu dira etxera. Emaitza, berriz, 0-1ekoa izan da.

Aretxabaletak ere etxetik kanpora jokatu du. Hain zuzen ere, Tolosan izan dira UDAkoak, eta 2-2ko emaitzarekin, puntu bakarrarekin bueltatu dira etxera. Golak, Iagok eta Urkok sartu dituzte; biak izan dira bigarren zatian, eta Urkorena penaltiz izan da. Partidua amaitzear zegoela, bestalde, 80. minutu aldera, bigarren txartel horiarekin Jonan kanporatua izan da.

Leintz Arizmendik eta Bergarak, domekan

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailakoek, bestalde, domekan jokatuko dute bai Bergarak eta baita Leintz Arizmendik ere. Bergararrek Tolosan jokatuko dute, 11:30ean, eta Leintz Arizmendik Zumaian jokatuko du, 17:00etan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak