Jokin Etxabe: "Hemengo taldeen aukera falta izan zait"

Jokin Etxebarria 2018ko abe. 5a, 12:19

Jokin Etxabek ziklista ibilbideari agur esatea erabaki du

24 urteko bergarar gazteak txirrindularitza uztea erabaki du, urte zaila pasa eta hemengo taldeen eskaintzarik jasotzen ez zuela ikusi eta gero

Kontinental mailako bi taldetan ibili da azken bi denboraldietan Jokin Etxabe bergararra. Bata estatubatuarra eta bestea japoniarra. Bigarren horrekin esperientzia txarra bizi izan du, nahiz eta emaitza aldetik ez den guztiz txarra izan. Kanpora berriz ere atera nahi ez, eta etxeko taldeek bere aldeko apusturik egiten ez zutela ikusita, bizikletatik jaistea erabaki du.

Txirrindularitza utzi berri duzu. Erabakia hartzea zaila izan da?

Bai, ez da erraza izan. Erabaki hau ez da egun batetik bestera hartzen den kontu bat. Jarraitzeko ilusioa beti egon da hor, baina, data hauek gerturatu ahala, geroz eta argiago neukan erabakia horrek izan behar zuela. Ondo hausnartutako erabakia izan da eta argi neukan egin behar nuena.

Inguruko taldeek zure aldeko apusturik egin ez izana faltan igarri duzu, agian?

Hemengo azpiegiturak lan egiteko idealak dira. Lanean serio jarduten duten taldeak, kalitatezkoak eta norberaren kirol maila hobetzeko leku aproposak dira hemengo taldeak. Nik hori neukan helburu, nire kirol maila hobetzea, eta kanpoko taldeetan ibilita hori ez da erraza. Azken bi urteetan kanpoko taldeetan ibili naiz eta, batez ere, azkena ez da esperientzia onegia izan. Horrek ere izan du eragina erabakia hartzeko orduan, berriro kanpora joateko eskaintzek dudak sortzen dituztelako.

Ameriketako Estatu Batuetako talde batean aritu zara, Japoniako beste batean denboraldi erdi egin duzu, eta ez duzu gustura amaitu.

Ez, azkeneko esperientzia ez zen ona izan. Denboraldi erdian, taldeko aurrekontu osoa amaituta zegoen, diru gastu ezegokia egin zelako. Lasterketarik ezin izan genuen jokatu handik aurrera, eta, noski, soldatak ikusi ere ez. Abuztutik, aurrera afizionatu talde batekin aritu naiz, baina, batez ere, aktibo egon behar nuelako aurten eskaintzaren bat jaso ahal izateko.

"ONDO HAUSNARTUTAKO ERABAKIA IZAN DA ETA ARGI NEUKAN EGIN BEHAR NUENA"

Baina eskaintzarik ez da heldu.

Denbora batean ibili nintzen hemengo talde batekin aukeraren bat aztertzen, baina, azkenean, beste txirrindulari batzuekiko hautua egin zuten. Pena da kolonbiar bat, bielorrusiar bat, madrildar bat... zure aurretik ikustea eta hemengo txirrindularien alde benetako apusturik ez egitea. Nire urtea nahiko zaila izan da, maiatz erdira arte bakarrik lehiatu naiz, eta, hala ere, estatu maila, 26 urtez azpiko profesionalen rankingean, seigarren gelditu naiz puntutan, bigarren euskalduna izan naiz. Eta ikustea ez dudala aukerarik eduki hemen... egia esan, min ematen du. Kanpoko taldeek bestelako ideologia bat daukate, babesle bat bilatu eta hark badio hamar herrialde ezberdinetako mutilak izan behar dituzula, horrela fitxatzen duzu eta kito. Hemengo taldeek, baina, beti izan dute, edo esan izan dute, harrobia lantzea dutela helburu. Nik ulertu dezaket talde bat egituratzeko orduan, agian, esprinterrak edo bestelako ziklistak behar izatea eta nik lekurik ez edukitzea, baina nire profileko batzuk aurretik jartzea... denboraldian zehar ezer egin ez banu... Hemengo talderen baten aukera falta izan zait; behintzat, urtebete. Gero, errepideak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta, mailarik ez badut eman, harremana amaitu eta kito, baina, behintzat, urtebeteko aukera merezi nuela uste dut.

Eta orain, zer?

Uste dut ziklismoan ez dudala zorte handirik eduki, ez naizela momentu egokian leku egokienean egon, agian. Orain, burbuila horretatik kanpo nago eta gehiengoaren errealitatera egin dut jauzi. Ziklista profesionala zarenean, 24 orduak ematen dituzu bizikletarentzat. Orain, txipa aldatu dut eta lanean jarri naiz enpresa batean. Aukera ona eskaini zidaten, eta hemendik aurrera lan munduan emango ditut pausoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak