Bergara Hiria eskubaloi txapelketa domekan, eta Debagoieneko selekzioa tartean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko abe. 7a, 08:30

Bergarako kadete mailako taldea; kadeteetan eman ohi da baja gehien, Josetxo Muniategiren arabera.

Bergara Hiria eskubaloi txapelketa jokatuko da domekan Labegaraietan (10:00): kadete mailako Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioak eta Bizkaiko Kukullaga taldea arituko dira lehian; 16-17 urterekin ematen dira baja gehien, eta joera horri aurre egin gura diote.

Eskubaloian ere antolatu dute Bergara Hiria txapelketa, Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete direla gogora ekartzeko ekitaldien barruan. Domekan jokatuko da, Labegaraieta kiroldegian, 10:00etan hasita. Hiruko txapelketa moduan antolatu dute, kadete mailako nesken artean: Gipuzkoako selekzioa, Debagoieneko selekzioa eta Bizkaiko Kukullaga taldea izango dira lehen aldiz antolatu den Bergara Hiria irabazteko lehiatuko direnak. Partidu bakoitzak hogei minutuko zati bana izango du eta honako hau izango da txapelketaren ordena: lehenengo, Debagoienaren eta Kukullagaren arteko lehia; gero, Gipuzkoaren eta Kukullagaren artekoa; eta, azkenik, Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioen artekoa.

Kadeteena, "maila kritikoa"

Muniategik dioenez, Gipuzkoako Federazioak kadete mailako taldeak indartzeko helburuan jarri du fokua, bereziki: "Kadete mailako kategoria da kritikoena, 16-17 urte dituzten nesken artean ematen dira baja gehien. Orduan uzten dute jokalari gehienek eskubaloia". Hain justu, Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioak sortzearen helburuetako bat da jokalariak euren taldeetatik atera eta beste harreman batzuk sustatzea, jarraipena ahalbidetzeko. Horregatik, Bergara Hiria txapelketa geratzeko etorri da: "Urtero asteburu berean antolatzea da asmoa. Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioak beti etorriko dira eta beste taldea aldatzen joango da; saiatuko gara selekzio bat izaten. Aurten, esaterako, Akitaniako selekzioa ekartzen saiatu gara, baina, azken orduan, ez da posible izan".

Senior mailakoa osatu guran

Amaitzeko, Muniategik dio Bergarako nesken eskubaloia sasoi onean dagoela, lau talde dituzteeta: errendimenduko alebin taldea, infantil mailako taldea, kadete mailakoa eta gazte mailakoa. Hala ere, orain erronka da senior mailako taldea osatzea, oso garrantzitsua delako harrobiko jokalarientzat goian erreferenteak izatea: "Duela lau urte ez genuen neskarik; talde bat hasi zen eta haiei jarraika etorri dira besteak. Ea kate osoa osatzerik dugun 2019an edo 2020an".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak