Ohe elastikoak, trena eta musika Gabonetako berritasunak Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 28a, 23:00
Udaleko eta dendarien ordezkariak gaur, eguaztena, egindako aurkezpenean.

Abenduaren 4an, martitzena, argiak piztearekin batera, hamaika ekimen izango dira Bergaran Gabonetan, gehienak haurrei eta herriko merkataritza sustatzera bideratuta, sasoian ohiko den moduan. Munibe plazako ohe elastikoa, herrian barrena ibiliko den trena eta erdigunean jarriko duten musika dira berritasunak.

Urtarrilaren 5era arte, Musika Eskolakoen Gabonetako kontzertua, Horra Horra Gipuzkoako haur abesbatzen emanaldia eta Gabonetako kontzertua; Kibubu, Katillukadak eta Lau umeendako ikuskizunak; jolas parkea; Olentzero eta Mari Domingi, Bizar Zuri eta Errege Kabalgata; erakusleiho lehiaketa; kaleko musika eta beste hainbat izango dira, Gabonetako oporretako kirol hitzordu askotarikoekin batera. Familientzat Paleontologia tailerra ere izango da Laboratorium-en, 27an.

Udalak, herriko dendarien elkarteak –Bergara Bizi ekimenaren barruan– eta beste hainbat kirol elkartek antolatu dituzte ekitaldiok.

Bestalde, abenduaren 4tik 8ra bitartean eta 14tik urtarrilaren 6ra bitartean, musika entzungo da, bolumen baxuan, kalean, erdigunean jarritako 40 bozgorailuren bidez.

Ohe elastikoak Muniben

Gabonei, ofizialki, abenduaren 4an emango zaie hasiera, kaleko eta dendetako argiak piztearekin eta apaingarriak bistaratzearekin. Herriko merkatariek, Udalaren laguntzarekin, abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra bitartean, ohe elastikoak jarriko dituzte txikienendako, Munibe plazan. Egunero erabili ahalko dira. Honakoa izango da ordutegia: lanegunetan, 17:00etatik 20:00etara; zapatu, domeka eta bestelako jaiegunetan, 11:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Horretaz gain, abenduaren 21ean eta 22an, egubakoitz eta zapatuan, trena ibiliko da kalean gora eta behera. Egubakoitzean, 17:00etatik 20:00etara; zapatuan, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era.

Txartelen zozketa eta erakusleihoak

Ohe elastikoetarako zein trenerako txartelak, herriko dendetan banatuko dituzte erosketak egiterakoan.

Bestalde, abenduaren 1etik 20ra bitartean, pazko-loreak eta turroi sortak zozkatuko dituzte Bedelkar Txartelarekin erosketak egiten dituztenen artean eta, horretaz gain, 600 euro zozkatuko dituzte, 150 euroko lau erosketa-txarteletan, urtarrilaren 5era arte herriko denda, taberna edo jatetxeetan erosketak egiten dituztenen artean. Urriaren 5ean egingo dute zozketa, San martin plazan, 17:00etan, Bizarzuri bertan dela.

Olentzero, Mari Domingi, Bizar Zuri eta Errege magoak

Udaletxeko atarian Olentzero eta Mari Domingiren txokoa egongo da abenduaren 4tik aurrera txikienen gutunak jasotzeko. 24an ariko dira kalean. San Martzialetik etorriko dira eta 11:30ean Oxirondo Azokan elkartuko dira eskoletako neska-mutikoekin eta gurasoekin; arratsaldez, 18:30ean gutunak jasoko dituzte Seminarixoan. Urtarrilaren 5ean, Bizar Zuri –17:00– eta Errege Magoen kabalgata –19:00– izango dira.

Kontzertuak Udal Pilotalekuan

Abenduaren 21ean, Musika Eskolakoen Gabonetako kontzertua izango da –18:30–  eta 22an Orfeoiaren, Aritzetaren, Bandaren eta Orkestrarena –22:30–. Igandean, 23an, ostera, Horra Horra Gipuzkoako haur Abesbatzen emanaldia izango da –18:00–. Hiruak ere Udal Pilotalekuan.

Kirola ere bai

Kirol hitzorduak ere asko izango dira: eskubaloi eguna Labegaraietan, 22an; 3x3 irristaketa hockey txapelketa Labegaraietan, 26an; 3x3 Saskibaloi txapelketa Udal Pilotalekuan, 27an; eskubaloia, Labegaraietan, 27 eta 28an; saskibaloia, Labegaraietan, 29 eta 30ean; pilota txapelketako finalak 30ean; San Silbestre lasterketa 31n…

BKEren zozketa

Bergara Kirol Elkartekoa izan ohi da Gabonetako otarre preziatuenetakoa. Aurten ere zozkatuko dute, otarreaz gain, bizikleta elektriko tolesgarria eta asteburuko egonaldia bi pertsonarendako. Sariak Bidekurutzetako bulegoko erakusleihoan ikusgai daude eta zozketa abenduaren 31n egingo da 20:30etan bulego aurrean.

Bergara Kirol Elkarteak Gabonetako kanpaina ere abiatu du. Futbol sailak kamiseta, polo, txandal, jertse, motxila eta futbol poltsak jarri ditu salgai. Agorrosingo futbol zelaiko kantinan, emailez bergarake@gmail.com helbidera idatzita edota kanpainako arduradunari deituz 679 259 008 (Vicen) egin ditzakete eskaerak. Materiala Agorrosingo kantinan eta bulegoan dago ikusgai.

Erakusleiho lehiaketa

Erakusleiho lehiaketa ere egingo dute aurten ere. Abenduaren 3tik 12ra bitartean eman ahalko da izena. Erakusleihoak abenduaren 4rako gertu egon beharko dira. Hiru sari banatuko dituzte 300, 250 eta 150 eurokoak, eta beste 50 eurokoa zozketan parte hartuko duten bezeroendako.

Hemen lehiaketaren oinarriak:

  • Bergarako merkataritza-establezimendu guztiak aintzakotzat hartuko dira lehiaketan, aurrez izena emanda. Izena emateko epea, abenduaren 3tik 12ra bitartean, 943 76 10 16 telefono-zenbakira deituta (komertzio-ordutegian).
  • 2018ko abenduaren 4tik aurrera erakusketarako prestatuta egon beharko dute erakusleihoek.
  • Sariak ematerakoan, kontuan hartuko da publizitate mezuaren imajinazioa, originaltasuna, argiztapena, berrikuntza eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera.
  • Erakusleihoetan establezimenduan saltzen diren ohiko artikuluak agertu beharko dira.
  • Erakusleihoak apaintzeko gorosti, goroldio, erratz edo izei naturalik ez erabiltzea erregutzen da. Halere, posible izango da lore-haztegi edo loradendetan eskuratutakoak erabiltzea.
  • Epaimahaia, Sustapen Ekonomikoa eta Turismo batzordeak, Bergarako merkatarien Bedelkar elkartea eta Beart Bergarako arte elkarteak izendatutako pertsonek osatuko dute.
  • Herritarrek ere baloratzeko aukera izango dute komertzioetan banatuko zaizkien fitxa bat bete eta Udaletxeko atarian jarritako kaxan sartu beharko dute (Olentzero eta Mari Domingi ondoan)
  • Lehiaketako sariak hauek izango dira: 1. Ziurtagiria eta 300 euro; 2. Ziurtagiria eta 250 euro; 3. Ziurtagiria eta 150 euro; 4. Ziurtagiria eta 50 euro. Herritarren saria (komertzioetan entregatutako fitxen artean).
  • Sari guztiak Udal bonoetan banatuko dira, Bergarako komertzioetan gastatzeko.
  • Sari-banaketa abenduaren 19an, eguaztena, egingo da.
  • Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.
  • Epaimahaiak egoki deritzon sariak hutsik uzteko aukera izango du.
  • Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea suposatzen du.
  • Oharra: Lehiaketak irauten duen egunetan erakusleihoak argiztatuta edukitzea komeni da, epaimahaiaren lana errazteko: lanegunetan, dendak ixteko ordura arte; eta jaiegun eta bezperetan, iluntzeko 21:00ak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak