Enkantera aterako dute bibotea mozteko aukera

Maialen Regueiro 2018ko aza. 30a, 10:21

Azaroari eta aurtengo Movember ekimenari amaiera emango diote gaur MovemBergara taldekoek. Hainbat ekintza egingo dituzte; ekimena modu onean agurtu eta, bide batez, dirua biltzeko asmoarekin.

19:00etan, Irala kalean kontzertua eskainiko dute Azkaiter Pelox-ek eta Saltim Bankis taldeak. Gainera, MovemBergara abestia aurkeztuko dute ikuskizunean.

Enkantea egingo dute

Bibotedunen argazkia egingo dute, 20:00etan. Aurtengo ekimenean 132 lagunek parte hartu dute, eta, argazkian denak egongo ez diren arren, familia argazki handia egitea espero dute. 20:30ean, enkantera aterako dituzte biboteak: "Bibote bakoitzaren hasierako prezioa 5 euro izango da. Hortik aurrera, herritarrek aukera izango dute enkantean parte hartzeko. Diru gehien eskaintzen duenak izango du bibote hori kentzeko aukera", azaldu du Joxu Aranak. Makina elektriko batekin kenduko dituzte biboteak.

21:30ean afaria egingo dute Umore Ona elkartean.

Indartuz doan ekimena

Aranak dio aurten indarra hartu duela MovemBergara ekimenak: "Balorazio oso ona egiten dugu. Lehenengo urte hauetan gero eta jende gehiago joan da ekimenera batzen; iaz, esaterako, 50 lagun izan ginen bibotedunak eta aurten, 132 izan gara", nabarmendu du Aranak. Gorantz doan mugimendua dela dio, baina garrantzitsuena ekimenaren atzean dagoen helburua dela azaldu du: "Gure helburua barrabiletako minbizia ezagutzera ematea da, jendeak jakin dezan zer den gaitz hori, eta prebentzioak duen garrantzia nabarmentzea". Hil osoan zehar jaso duten dirua eta gaurko enkantean batuko dutena mundu mailan lanean diharduen Movember fundaziora bideratuko dute. "Uste dute mundu mailan, aurten, 700 milioi euro izatera pasako dela fundazioa", dio Aranak.

Medikuaren hitzaldia

Azaroan zehar hainbat ekitaldi egin ditu mugimenduak. Hilaren 14an, esaterako, Eusebio II tabernan, Gurutz Orbe medikuaren hitzaldia eskaini zuten. "Diagnostikoaren eta prebentzioaren gainean jardun zuen, eta baita zein tratamendu dauden ere. Baina barrabiletako eta prostatako minbizia bakarrik ez, aipatu zuen baita, portzentaje txikian bada ere, badagoela zakileko minbizia ere. Horrez gain, buruko gaixotasunen gainean ere jardun zuen Orbek", azaldu du Aranak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak