Anjel Irazabalbeitia 'Txorta' gogoratu du Bergarako ezker abertzaleak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 19a, 11:08
Zapatuan Irazabalbeitia gogoratzeko Iralan egin zuten ekitaldia.

Bergarako Basalgo auzoan jaiotako Anjel Irazabalbeitia Txorta gogoratzeko ekitaldia egin zuen atzo, domeka, Bergarako ezker abertzaleak: "ETAko militantea zela, indar okupatzaileen aurkako ekintza saiakera baten ondoren tiroz josi zuen Ertzaintzak. Estatuarentzat biktima hauek ez dira inor". Duela 24 urte hil zen Irazabalbeitia. 

Zapatuan bete ziren 24 urte Txorta hil zutela: "Senideei eta lagunei gure besarkadarik beroena eman nahi diegu. Instituzioetatik jaso ez duten berotasun hori gutxienez herritik jaso dezatela, dezazuela". Ekitaldian salatu zuten, besteak beste, Irazabalbeitiaren sendiak ez duela erreparaziorako aukerarik izan: "Txorta ez da ezer, ez da inor, akabatu egin behar zen terrorista bat besterik ez. Ez familia, ez lagun eta ez kideek ez dute gertatutakoa ezagutzeko eskubiderik, eragindako minaren aitortzarik, ezta erreparaziorik ere".

Euskal erakundeen aitortza eske

Euskal erakundeei ere zuzendu zieten mezua: "Ez dugu estatuaren aldetik ezer espero, baina Jaurlaritzaren eskutik? Bergarako Udalaren eskutik? Urkullu jaunari galdetu nahi diogu, Euskal Herriak jasan duen eta jasaten duen zapalkuntza eta biolentzia justua edo injustua da? Ertzaintzaren agintari goren bezala Txorta hiltzea ondo egon zen? Ehunka herritar torturatzea ondo dago? Cabacas hil eta ardurak ezkutatzea ondo dago? PNVk ez du egindako mina aitortzen, are eta gehiago biktima asko umiliatzen jarraitzen du Cabacasen familiarekin egin berri duen bezala. PNVrengandik ez dugu lezio bat bera ere onartzen biolentziari dagokionean".

"Irabazle eta galtzaileen kontakizunarekin" ados ez

Aldi berean, "irabazleen eta galtzaileen kontakizuna" onartuko ez dutela dio ezker abertzaleak: "Gatazka politikoa ukatzen duena, gezurraren gainean eraikitakoa, alde bakarreko sufrimendua eta biolentzia aitortzen duena, zauriaren gainean gatza botatzen duena, gasolina sutara. Ezker abertzalea ez dago prest errelato hori onartzeko. Egia, justizia eta oroimena eskatzen dugu, borrokatzen dugu, egia, justizia eta oroimena lortzeko ere borroka egin beharra dagoelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak