Aitor Borobia: "Plazer bat izan da Seminarixoko agertokian antzeztea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko aza. 17a, 15:08
Aitor Borobiak bere herriko Seminarixoan eskaini zuen atzo, egubakoitza, 'Punkowsky' antzezlana.

Orain dela hamar urtetik aktore lanetan ari da Aitor Borobia bergararra; atzo, egubakoitza, Punkowsky lan autobiografikoa eskaini zuen Seminarixoan.

Sarrera guztiak agortu ziren, ikusmina zegoen, hortaz, aspaldi Bilbon bizi den herriko aktorearen bizipenak oinarri dituen antzezlana ikusteko. "Familiakoak eta lagunak etortzekoak zirela banekien, ez nuen uste baina, horren gertukoak ez diren hainbeste lagun etorriko zenik, poztekoa da! Komedia arloan jardun izan dut gehienbat, hortaz, hasieran nahiko harrituta ikusten nuen publikoa, nire kontu intimoagoak serioago kontatzen ari nintzelako, bukatutakoan, baina, eskainitakoa gustukoa izan zela adierazi zidaten askok", kontatu du Borobiak.

Etxean berezia egin guran

Borobia bera da antzezlanaren egile, ekoizlea eta aktore nagusia, baina agertokian lagun izan zituen Sara Berrueta eta Josu Angulo aktoreak. Era berean, zuzeneko musikak pisu handia duen lana da Punkowsky, hori horrela, beste emanaldietan izaten dituen moduan, alboan izan zituen Bergarakoak Jon Fresko (Ken 7, Gatibu) bateria-jolea eta Naiel Ibarrola teklatu-jolea, eta baita Bergarako What A Band taldeko kideak. "Herrian izanik, zerbait berezia egin nahi nuen, eta lagun ditudan Aitor Aldanondo eta Txus Martinez gonbidatu nituen; What A Band taldeak aspaldi zuen Seminarixoan jotzeko gogoa, eta atzo izan zuten, bada, taularen gaina zapaltzeko aukera. Asko gustatu zitzaidan Seminarixoa, oso ondo dago, eta bertako langileei eskertuko gura nieke euren prestutasuna eta laguntasuna. Hurrengoan ere gustura etorriko naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak