Ekintzek dute hitza izenburu duen disko berria etxean aurkeztuko du Brigade Loco talde bergararrak, kartzela zaharrean (19:00). Punk, rock eta oi! doinuak nagusi izango dituen jaialdi handi bat izango da, Rotten XIII eta Azken Sustraiak taldeekin eta DJ Aifilekin batera partekatuko du-eta boskoteak gaztetxeko agertokia. Zapatuko kontzertu bereziaren prestaketen lekuko izateko, entseatzen duten goiko estazioko lokaletan egin du hitzordua GOIENAk Brigade Locorekin.
Diskoak oso harrera ona izan duela diote. "Asko saldu da, espero genuena baino gehiago. Esfortzu, denbora eta ilusio asko inbertitu dugu diskoan, baina ez genuen halako harrerarik espero. Une gozoa bizi dugu orain bertan", dio Manex Egaña bateria-jotzaileak. "Diskoa asko saltzeaz gain, zorion-mezu asko jaso ditugu. Ederra da hori, gozatzen ari gara. Hori bai, hankak lurrean izan behar ditugu eta lanean jarraitu", gaineratu du Alex Arteaga gitarra-jotzaileak.
Rotten XIII taldekoekin, "familian"
Duela urtebete eskas sortu zuten taldea, eta, uztailean estudioan sartu ostean, orain gutxi kaleratu dute Ekintzek dute hitza. "Orain arte jotzen aritu garen abestiak ditu diskoak, eta askotariko gaiak lantzen ditugu: aldarrikapen politikoak, gai sozialak... Amaieran, sorpresaren bat ere badago", aurreratu du Egañak. Disko bat kaleratzeak ematen duen poztasunarekin batera, "politena" bidean egiten ari diren lagunak direla dio Arteagak: "Lagun berriak egin, lagun zaharrekin elkartu... Kontzertuekin topera ari gara disfrutatzen". Bestalde, Mikel Soto beste gitarra-jotzaileak azpimarratu du bertako jarraitzaileekin batera Tafalla inguruan lagun talde eder bat dutela: "Rotten XIII-koekin eta euren lagunekin harreman estua dugu eta ederra izango da gaztetxeko agertokia eurekin partekatzea. Pozik gaude Nafarroan ere jarraitzaileak ditugulako".
Sarrerak, ordu gutxian agortuta
Brigade Locok badaki zer den kartzela zaharrean jotzea –Aurrea doa abestiaren bideoklipa bertan grabatu zuten, besteak beste–, baina zapatukoa "oso berezia" izango da: "Gure lan handienarekin gatoz oraingoan eta badakigu gaztetxea goraino beteko dela, sarrera guztiak agortu ziren eta", zehaztu du Egañak. Izan ere, domeka baten jarri zituzten salgai sarrerak eta astelehen arratsalderako guztiak agortu ziren.