Askotariko ekintzak aurten ere 'MovemBer gara' taldearen eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 12a, 12:19
Aurtengo kartelerako erabili den argazkia. Argazkilaria: Jone Albeniz / Kartelaren diseinua: Ion Andueza.

Movember (Moustache November) hilabetea da azarokoa eta Bergarako MovemBer gara taldeak askotariko ekintzak antolatu ditu hil osorako. Lehena zapatuan egin zuten Agorrosinen, oso arrakastatsua izan zen zuzeneko spinning eta gimnasio saio batekin. 

Honako hau izango da datozen egunotarako egitaraua:

Azaroak 14, 20.00etan Euxebio II tabernan.
Gurutz Orbe Narvaez, Barne Medikuntzako espezialista bergararrak "Gizonezkoen ohiko gaixotasunak" gaiari buruzko hitzaldia emango du.

Azaroak 22  "pintxo-bibotea": Santa Zezilia eguna izanda musikaz girotuta izango ditugu kaleak.

Azaroak 30  Musika kontzertua eta MovemBer gara abestiaren aurkezpena Irala kalean, talde argazkia, bibote mozketa eta Umore Ona elkartean afaria.

Bibotea dotoretzeko aukera

Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute azaro guztian zehar Pepelu ile-apaindegian biboteak dotoretuko direla bost euroren truke, eta jasotako dirua Movember fundaziora bideratuko da. Tabernetan zehar dirua batzeko itsulapikoak ere ipiniko dira.

2003an, Australian

 

Movember Fundazioa, irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 2003.urtean Australian sortutakoa. Gizonezkoen bizimodu zoriontsuagoa eta osasuntsuagoa bultzatu nahi du, prostata-minbizia, barrabila-minbizia, osasun mentala eta inaktibitate fisikoaren inguruan kontzientziazio-lana eginez eta ikerketarako finantziazioa bilatuz. Sortu zenetik milioika pertsonek bat egin dute mugimendu honekin, 597 milioi euro batu dira eta 1.000tik gora ikerketa-programa finantzatu dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak