Partidu parekatua izan da gaur eguerdian Mojategin jokatu den derbia. Partidua hasi eta gutxira, hainbat aldaratze izan dituen jokaldi nahasi batean, aurrea hartu dute etxekoek. Hasi eta gutxira markagailuan nagusi izateak ematen duen lasaitasunarekin, txukunago aritu da etxeko taldea lehen zatian.
Baina atsedenaldi ostean, bergararrak suspertu egin dira, eta partidua iraultzeko gai izan dira. 60. minutuan partidua berdintzea lortu dute Lide Albenizen golari esker, eta handik hamabi minutura –72. minutuan– aurretik jarri dira. Jone Jauregi izan da 1-2koa markagailuan jarri duena.
"Bigarren gola sartu ostean asko sufritzea tokatu zaigu. Etxekoek bizpahiru aukera garbi izan dituzte, baina gure atezaina fin ibili da, eta beste batzuetan ez dute asmatu. Azkenean hiru puntuak eskuratu ditugu, eta oso pozik. Orain arte maila ona eman dugu, aurkari gogorrak izan ditugu eta, baina hori ez da puntutan igarri. Sentsazioak onak izan dira, eta bagenekien, hala jarraituz gero emaitzak helduko zirela. Eta gaurkoan, azkenik, lortu dugu lehen garaipena" adierazi du Bergarako entrenatzaile den Manu Diazek.