Wolfram Deunak hainbat 'fededun' elkartu ditu aurten ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 8a, 18:56
Atzo iluntzean 100 bat lagun elkartu ziren Seminarixoan, Elhuyarrek antolatutako Wolfram Deunaz gozatzeko.

Zientzia eta berrikuntza jardunaldien barruan ekintza arrakastatsuenetako bat izan da aurten ere Elhuyarrek antolatutako Wolfram Deuna jaia, lehenengo aldiz Seminarixoa aretoan egin dena; asteburuan izango diren hiru ekitaldirekin amaituko dira jardunaldiak.

Bukatzera doaz zientzia eta berrikuntza jardunaldiak. Urriaren 15ean Edurne Alvarez de Monek jardunaldiei hasiera eman ostean eta asteburu honetan zehar izango diren hiru saioen artean, askotariko hitzaldi, ikastaro eta erakusketak antolatu dira herriko gune ezberdinetan.

"Gala perfektua" Seminarixoan

Saio arrakastatsuen artean, eguazteneko Wolfram Deuna nabarmendu beharra dago. Lehen aldiz Seminarixoan ospatu zen, Elhuyar anaiek 1783an wolframa isolatu zuten leku berean, eta 100 bat lagun elkartu ziren Elhuyarrek laugarrenez antolatu zuen saio berezian. Hain justu, antolatzaileek eta saioan parte hartu zuten hizlariek nabarmendu zuten Seminarixoa areto ederra dela –orain arte Zabalotegin ospatzen zen– halako jaialdi baterako: "Ederra da Seminarixoa, gala perfektu baterako aukera ematen du areto honek".

"Umorezko bakarrizketa zientifiko homeopatikoak" izan ziren, "puntako zientzialari, zientziazale eta zientzia-txorroskileroen" eskutik: Idoia Torregarai, Aitor Zandueta, Itziar Garate, Ibon Cancio, Lorea Argarate, Josu Lezameta, Ainitze Labaka eta Josu Lopez. Ekitaldi bereziaren gidari lanetan Elhuyarko Alaitz Otxoa de Eribe Agirre aritu zen. Hizlari bakoitzak bost minutuko tartea zuen saioa eskaintzeko eta horrek ekitaldia oso dinamikoa izatea ahalbidetu zuen.

Zientzia umoretik hurbildu

Wolfram Deuna bera zientzia eta berrikuntza jardunaldien helburu nagusietako baten isla da. Hau da, zientzia liburu eta argitalpen espezializatuetatik atera eta herritarrei hurbiltzea. Gainera, Wolfram Deunak umorea erabiltzen du helburu hori gauzatzen laguntzeko, eta, eguaztenean entzun ziren barre algarak ikusita, laugarren edizio honetan ere helburua bete zuten. Zientzia, Elhuyarko ordezkarien arabera, eguneroko edozein esparrutan aurki daiteke.

Seminarixoko agertokitik pasatu ziren zortzi hizlariek hori bera islatu zuten askotariko adibideekin: untxien ospe ona ezbaian jartzen zuena, pelikuletan zientziak duen papera edota drogak kontsumitzerakoan animalia batzuk izaten dituzten portaerak, besteak beste.

Jardunaldien azken asteburua

Hiru ekitaldi geratzen dira ZTB jardunaldiak amaitzeko. Batetik, Oier Bolibarrek Energiaren demokratizazioa eraldaketa energetikoaren bidez izeneko hitzaldia emango du gaur Aroztegin (19:00): "Energia berriztagarriek iraultza energetikoa ekarriko dute, dagoeneko martxan dagoena. Kasu errealekin azalduko dut gertatzen ari diren aldaketak eta etorkizunean zein norabide hartuko duten, nola eragingo digun", dio Bolibarrek.

Horrez gain, biharko eta etziko –09:30etik 13:30era–, formakuntza ikastaroa antolatu dute Laboratoriumen, publiko orokorrari eta Beart elkarteko artistei begira. Eta, azkenik, Wolfram Encounterra ere izango da jardunaldion azken asteburuan; bideo jokoetako aditu edo gamer-endako hitzordua da, nagusiki, eta etenik gabeko 30 orduko maratoia egingo dute –ateak 09:15ean irekiko dira– Aranzadi Ikastolako aretoan. Nork bere ekipoa eraman beharko du, eta ordenagailuak jartzeko 48 postu egongo dira.

Bideo joko ezagunen arteko txapelketez gain, jokalari profesional ohi izandako eta gaur egun enpresaria den Alex Robeñoren hitzaldia egongo da bihar, 20:00etan hasita. Izena emateko: wolframencounter@gmail.com.

Erlazionatuak

Wolfram Deuna argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 aza 08 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak