Itsaso Azkarate: "Txotxongilo Mostran gauza bereziak egin gurako genituzke"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urr. 26a, 11:13
Txotxongilo Mostraren aurkezpena.

Bergarako Nazioarteko Txotxongilo Mostra hasi zuten atzo. 14. aldia izango da aurtengoa. Ibilbide honetan izan dituzten zailtasunak eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu Itsaso Azkarate antolatzaileak.

Prest duzue aurtengo mostra. Ze berritasun izango ditu edizio berri honek?

Ikuskizun oso ezberdinak izango dira, beti bezala. Aurtengo berrikuntza da Seminarixoa aretoa izango dugula gure erabilerarako, guretzako oso garrantzitsua izango dena. Teknikoki oso ondo prestatuta dagoen aretoa da; horregatik ekarri dugu Onirica Mecanica taldearen Alicia y las ciudades invisibles lana, besteak beste. Oso bisuala da, eta teknikoki konplexua. Kalean, aldiz, Brunette Bros zirkua izango dugu: The greatest 2nd smallest circus in the world ikuskizunarekin. Arrizuriaga parkean eskainiko dute euren ikuskizuna asteburu osoan; hori berria izango da, adibidez. Gaztetxean estreinaldi bat izango dugu: Behibis taldearen Trabajos de interior emanaldia, hain zuzen. Gaztetxeko azken emanaldi hori izan ezik, beste guztiak testu bako lanak izango direla nabarmendu behar da.

14. aldia izango da aurtengoa. Badira urte batzuk honekin hasi zinetela.

Nabarmendu behar da 200 bat talde edo artista pasa direla Bergaratik urte hauetan guztietan.

Bai, badira ia 30 urte honekin hasi ginela. Datorren edizioan gurako genuke zerbait berezia egin, urteurren borobila ospatzeko. Urte asko izan arren, azkar pasatu dira!Nabarmendu behar da 200 bat talde edo artista pasa direla Bergaratik urte hauetan guztietan.Ikusleen aldetik ere badago ohitura horrelako ikuskizunak ikusteko; esan daiteke lortu dugula mundu hau ikusleengana gerturatzea.

Txotxongiloen arloan nagusiendako zegoen hutsunea bete nahi izan duzue. Lortu da helburua?

Bai, egin dugu. Hala ere, badago zer egina oraindik ere. Programazio aldetik helduentzako txotxongiloa egitea oso zaila izaten da. Euskal Herrian egiten den kultur eskaintzari begiratuz gero, esan daiteke txotxongilo ikuskizunak egiten direla umeendako, eta tradizionalak, gainera.
Horrelako gauzak ez dira egiten. Esaten da: "Gure publikoa ez dago ohituta", baina egin behar dena da eman probatu dezaten. Sukaldaritza berriarekin gertatzen denaren berdina da: betikoa jan beharrean, gauza berriak egin behar dira. Plater bereziak eskaini behar dira.

Mostra egonkortu egin dela diozun arren, zeintzuk izango dira aurrera begirako erronkak?

Diru laguntza gehiago lortzea izango da aurrera begirako erronketako bat. Guk badaukagu gogoa aurrera egiteko eta ondoan badugu gurekin kolaboratzen duen jendea. Handitu egin gurako genuke, eta, batez ere, gauza bereziak egin; beste forma bat eman nahi diogu mostrari. Bergarako museoa dela-eta gauza bereziren bat egin gurako genuke datorren ediziorako: panpina artikulatuen lehiaketa, adibidez.

Bailarako protagonistak ere badaude egitarauaren barruan. Zaletasuna badagoela esan daiteke?

Bai, badago. Gainera, gura genuke esan horrelako lanak egin gura dituenak edo interesa duenak aukera duela gurekin harremanetan jartzeko. Informazioa eskaintzeko eta laguntza emateko prest gaude. Nabarmendu behar da badaudela txotxongiloen artisauak bailaran; ez, ordea, txotxongilo talderik.

Iragarpenei begira jarrita, eguraldiak ez du lagunduko aste bukaeran. Aldaketarik egongo da ikuskizunen lekuei dagokienez?

Bai, aldaketa bat izango dugu. Zapatu gauean San Martin plazan eskaintzekoa zen Cia. Ytuquepintas konpainiaren Jojo lana Zabalotegira pasako da. Doan izango da emanaldia, baina areto barruan ikusteko aukera egongo da. Brunette Bros taldearen ikuskizunarekin ikusiko dugu zer egin; kanpoan egitea da asmoa, ikusiko dugu zer egin daitekeen.

Egitaraua

Urriaren 26a, egubakoitza
• 19:00etan eta 22:00etan:The greatest 2nd smallest circus in the world. Arrizuriaga parkean.
• 20:00etan: Boris & Ingrid Seminarixoan.
• 22:30ean: Trabajos de interior Gaztetxean.

Urriaren 27a, zapatua
• 12:30ean: Iñaki Mataren Welcome. Kalean zehar.
• 19:00etan eta 22:00etan: The greatest 2nd smallest circus in the world. Arrizuriaga parkean.
• 20:00etan: Alicia y las ciudades invisibles. Seminarixoan.
• 23:00etan: Jojo. Zabalotegin.

Urriaren 28a, domeka
• 12:30ean eta 18:00etan: The greatest 2nd smallest circus in the world. Arrizuriaga parkean.
• 20:00etan: Sueños. Seminarixoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak