Panpinak bizirik, Mostra berrian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urr. 24a, 18:50
'The greatest and second smallest circus in the world' ikuskizuna eskainiko du Brunette Bross taldeak Arrizuriaga parkean. Argazkia: Brunette Bross.

Bihar, eguena, hasi eta domeka bitartean, txotxongiloekin, antzerkigintzan eta bestelako arlo artistikoetan trebeak diren nazioarteko zazpi talde izango dira Taun Taun taldeak bi urtean behin antolatzen duen Helduentzako Txotxongilo Mostran.

Danimarkatik, Ingalaterratik, Murtziatik eta Kataluniatik etorriko dira gonbidatuak, eta Euskal Herriko bi ordezkari ere izango dira: Iñaki Mata antzuolarra eta Pasaiako Behibi's.

Bereziki, helduentzat

Familian gozatzeko ikuskizunak badaude, nahiz eta hastapenetatik publiko helduari eskaintzea izan den asmo nagusia. Hamalaugarren aldia Danimarkako  Brunette Bros konpainiak zabalduko du bihar, eguenean, 20:00etan hasita, eta erdiguneko kaleak agertoki bilakatuta.

Lau egunetan izango dira Bergaran, eta Arrizuriaga parkean jarriko dute zirku kanpamentua. Egubakoitzean eta zapatuan, 19:00etan eta 22:00etan egingo dituzte emanaldiak, eta domekan, 12:30ean eta 18:00etan. “Eszenografia hiru agertoki dituen CapaGrasa kamioia da. 50 artistak osatzen dute lantaldea, eta, besteak beste, honako hauek irudikatzen dituzte euren saioetan: animalien erakusketa, kalitate mundialeko zirku denda, aire-printzesen eta kainoi-gizonen ariketa akrobatikoak… Kalean egingo duten emanaldian, hurrengo egunetan karpa barruan eskainiko dutenaren aurrerapentxoa izango da”, azaldu dute Taun Taunekoek. Arrizuriaga parkeaz gainera, Seminarixoan, gaztetxean eta kalean izango dira ikuskizunak. Aurreko aldietan moduan, askotariko teknikak eta istorioak batu gura izan dituzte antolatzaileek: hareazko marrazkiekin kontatutakoak, panpinak edo bizia hartzen duten bestelako askotariko objektuak erabilita... “Jaialdi berezia da gurea. Mostratik ez da inor axolagabe ateratzen, ez ikusleak, ezta kanpoko zein bertako artistak ere”.

Ordainduta eta doan

Kaleko ikuskizunak doan izango dira, Arrizuriagakoak ere bai, baina gonbidapena behar da zirkurako; ikuskizuna baino ordu erdi lehenago banatuko dituzte, gehienez, 70 txartel. Seminarixokoak eta gaztetxekoak ikusteko, sarrera ordaindu egin beharko da: Seminarixorako hiru ikuskizuneko bonua 16 eurotan eskuratu ahalko da, eta ikuskizun bakoitzeko, bestela, zortzi eurotan; gaztetxeko emanaldia, hiru eurotan. Gaztetxean, Seminarixoan eta Tickets.kutxabank.es atarian eros daitezke.

Udalarekin elkarlanean

1991 ezkero antolatzen du, bi urtean behin, Txotxongilo Mostra Taun Taun taldeak, eta hastapenetatik du Bergarako Udalaren laguntza jaialdia antolatzeko. Taldeak eta Udalak artista handiekin osatzen duten jaialdia Bergaran egiteko apustuarekin jarraitu gura dute.

Estilo askotako ikuskizunak

-BORIS&INGRID

  • Nork: 2 Theatre (Londres).
  • Non: Seminarixoan.
  • Noiz: Urriaren 26an, egubakoitza, 20:00etan.
  • Sinopsia: Antzerki fisikoaren bidez, bikote etorkin baten istorioa kontatzen duen pantomima absurdo bat da. Askotariko ezaugarriak batzen ditu: groteskoa, komedia, mimoa, txotxongiloa eta maskarak.

-'TRABAJOS DE INTERIOR' 

  • Nork: Behibi´s (Pasaia).
  • Non: Gaztetxean.
  • Noiz: Urriaren 26an, egubakoitza, 22:30ean.
  • Sinopsia: Plastikoak eta kanaberak erabiliz instalazioak Egiten ditu Pasaiako taldeak. Protagonista –emakume nihilista bat– bere eskeletoarekin mintzatzen da eta bere aldartea eta kanpoko itxura aldatzen saiatzen da.

-'WELCOME'

  • Nork: Iñaki Mata (Antzuola).
  • Non: Erdiguneko kaleetan.
  • Noiz: Urriaren 27an, zapatua, 12:30ean.
  • Sinopsia: Poesia bisuala oinarri duen lan ibiltaria da,  barneko edozein migrazio  prozesuri ongietorria emateko  modu bat, enpatiaren hegaldi  ibiltaria, beharraren bidez sortzen den lotura eta hausnarketa.

-ALICIA Y LAS CIUDADES INVISIBLES

  • Nork: Onirica Mecanica (Murtzia).
  • Non: Seminarixoan.
  • Noiz: Urriaren 27an, zapatua, 20:00etan.
  • Sinopsia: Lewis Carrolek idatzi zuen klasikoaren moldaketa  aske eta garaikidea da. Mundua ezagutzeko haur jakin-minetik abiatzen da ikuskizun honetako istorioa.

-JOJO'

  • Nork: Ytuquepintas (Bartzelona).
  • Non: San Martin plazan.
  • Noiz: Urriaren 27an, zapatua, 23:00etan.
  • Sinopsia: Konpainiak ikur dituen hondarraren teknika eta txotxongiloen manipulazioa erabilita, Jojo orangutanaren istorioa kontatzen dute. Publiko zabalarentzako ikuskizuna da.

-SUEÑOS 1'

  • Nork: Roberto White (Rosario, Argentina).
  • Non: Seminarixoan.
  • Noiz: Urriaren 28an, domeka, 20:00etan.
  • Sinopsia: Antzerki fisikoa, clown lana eta objektuen manipulazioa erabiltzen ditu. Whitek, buru gainean maskara moduan duen etxe bereziaren barruan gertatzen direnak kontatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak