San Joxepe elkartea: "Eskerrik asko Kultura Astea posible egin duzuen guztioi"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urr. 23a, 11:57
Kultura Astearen barruan, Aretxabaletako koruarekin batera abestu zuten San Joxepekoek, maskor akustikoarekin.

Kultura Asteko ospakizunekin bukatu du 1.700 bazkide inguru dituen Bergarako San Joxepe elkarteak eta ekintzetan "jende kopuru polita" batu dela diote. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete, bereziki Udalari eta laguntza ekonomikoa eskaini duten komertzioei: "Eskerrik asko Kultura Astea posible egin duzuen guztioi".

"Urteko gure ekitaldi nagusietako bat da Kultura Astea eta balio digu, besteak beste, elkartea bera ezagutzera emateko. Izan ere, erretiratu asko daude oraindik elkarteko bazkide ez direnak eta gonbidatu gurako genituzke elkartea ezagutzera, ez dira-eta aspertuko". San Joxepeko presidente Jose Ramon Egurenek argi dauka Bergaran bizi diren erretiratuendako "aukera ederrak" eskaintzen dituela elkarteak.

Gaur egun, 1.700 bazkide inguru ditu elkarteak: "Ekitaldietan, jende asko batu da. Saio batzuk oso interesgarriak izan dira eta beste batzuk ez horrenbeste, baina guztietan elkartu gara erretiratu kopuru polita. Eta hori oso pozgarria da", adierazi dut. 

Egunero zerbait, egunero jendea

Orain arteko ekintzekin pozik daude; izan ere, hilaren 11ko Jon Molina parrokoaren hitzaldiak, astelehenean Aranzadi elkarteko Jose Antonio Aperribaik bereziki landare kaltegarrien inguruan eskainitako saioak, martitzeneko ONCEren Oroimenak taldearen La Fiesta de la Madonna antzezlanak, eguaztenean Aretxabaletako koruarekin batera emandako kontzertuak eta atzo Pasaiara egindako irteerak erantzun ona izan dute.

Umeekin, Bergararen inguruan Kultura Astearen barruko beste ekitaldi bat izaten da hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleekin egiten duten saioa: "Erretiratuok umeei Bergararen gaineko hainbat galdera egiten dizkiegu eta ondoren gure aurrean ematen diegu emaitzen berri. Erantzun gehien asmatu duenari sari berezi bat ematen diogu, baina ikasle guztiak irteten dira sariarekin. Ekintza oso polita da", dio Egurenek.

Lizarrara azaroaren 15ean

Urteroko Lizarrara irteera Kultura Astetik haragoko hurrengo ekitaldia azaroaren 15ean izango da, Lizarran: "Urtero arrakasta handia izaten duen irteera da, beti betetzen da autobus bat. Jendeak askotariko produktuak erosteko aprobetxatzen du". Irteera horretarako, betiko moduan, elkartean bertan eman behar da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak