Eguraldi bikainarekin hainbat eta hainbat herritar oinez igo dira Elosuko feriara aurten. Azokan, mendi ganaduaz gain –behiak, astoak eta zaldiak– ez dira falta izan barazkiak, fruituak, gaztak, ogiak, gozoak eta baserriko eta ortuetako beste hainbat produktu. Gaurkoan, gainera, artisau-produktuek toki nabarmena izan dute, eta bitxien, apaingarrien, egurrezko jolasen edota arropen postu ugari ere batu dira Elosuko ferian.
Haize bortitza espero zen, baina azkenean ufadak ez dira horrenbestekoak izan eta txikienek puzgarriekin gozatu ahal izan dute nagusienek trikiti eta pandero doinuekin dantza egin duten bitartean. Laja II.ak eta Lutxurdio trikitilariek girotu dute eguerdia, eta ostean, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolarien txanda izan da.
Bestalde, gaurkoan, Elosuko txahala bat dastatu ahal izan dute ferian izan direnek. Agerre baserriko txahala erre egin dute, "auzoko produktuak ere ezagutzera eman nahian" Iñigo Zubeldia auzo alkateak azaldu duen moduan.
Urtero moduan, haurrek zaldian muntatzeko eta abereak gertutik ikusteko aukera izan dute.