Elosuko 40. mendi ganadu feriaz gozatu ahalko da bihar Elosuan. "Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak izango ditugu aurten eta horrez gain, auzoko Agerre baserriko txahala erreko dugu Elosuko ikatzarekin. Iaz hasi ginen txahala bertakoa izateko kontuarekin; iazkoa Bentaoste baserrikoa izan zen. Horrez gain, txikienek zaldian muntatzeko aukera izango dute, Bentako zalditegiaren eskutik", adierazi du Iñigo Zubeldia auzo alkateak.
Autobusa Burdinatetik
09:00etan hasiko da feria, eta hortik aurrera egun osorako plana izango dute: 11:00etatik 14:00etara umeendako puzgarriak; frontoian, bertsolarien saioa (12:30) eta ondoren Laja II eta Lutxurdio trikitilariak; bazkalostean, bertsolariak (16:00); eta, ondoren, 900 kiloko harriarekin zaldi proba (17:30) eta erromeria. Autobus zerbitzua egongo da egun osoan Burdinatetik. Bestalde, antolatzaileek ez dituzte bere gain hartuko egunean zehar gerta daitezkeen ezbeharrak.