Mikel Linazisoro gazteen Olinpiar Jokoetan lehiatuko da gaur

Xabier Urtzelai 2018ko urr. 8a, 12:27

Europako eta Munduko Eskalada Txapelketan lehiatu da aurten Mikel Linazisoro (Bergara, 2000). Baina, bergararrak oraingo astean du aspaldiko hitzordurik garrantzitsuena, Argentinan; domina bila joan da gazteen Olinpiar Jokoetara.

"Noski baietz, Mikelek dominaren bat janzteko aukerak ditu, gazteen Munduko Txapelketan erakutsi duelako hor egon daitekeela –podiumera igo da Europako eta Munduko Txapelketan–. Egia da senior mailako eskalatzaileak oraindik koska bat gorago daudela; irailean, esaterako, Munduko Txapelketa absolutura esperientzia hartzera joan zen, baina Buenos Airesen bere adinekoekin lehiatuko da, eta hor aurrean ibil daiteke", dio bergararra ondo ezagutzen duen Josean Mulasek. 

Bergarakoa Bilbon izan zen irailaren 30ean, Bizkaiko hiriburuan antolatutako Psicobloc txapelketan esku hartzen –eskalatzaileek soka barik eskalatu zuten, igerileku baten ondoan jarritako horman. Hormatik erortzen zena uretara jausten zen–. 

Bada, Olinpiar Jokoak prestatzeko bidean Bilbokoa zen azken geltokia, eta bergararra gustura geratu zen bertan izandako sentsazioekin. Estatu mailako eskalatzaile onenak batzearekin batera nazioartetik ere puntako eskalatzaileak etorri ziren, besteak beste, Munduko Txapelduna: "Hirugarren sailkatu zen. Finalerdietan txanda erabakigarrian heldulekuetako bat bustita zegoen, eta irrist egin zuen. Gero, hirugarren edo laugarren sailkatzeko lehian irabazi egin zuen, eta podiumera igo ahal izan zen. Bada, pozik itzuli zen handik, eta astelehenean hartu zuen Madrilerako bidea, handik Buenos Airesera joateko", dio Linazisororen ama Ana Molinak. 

Josean Mulasek esandakoarekin bat egiten du Ana Molinak, gauzak dakien moduan egiten baditu aurrean ibil daiteke Linazisoro: "Nahiz eta garbi daukagun dominaren bat lortzea oso-oso zaila dela. Etxean gozatzeko esan diogu, halako aukerak ez direla egunero izaten eta disfruta dezala. Azken batean, egun txar bat izatea nahikoa da ordura arteko lana bertan behera geratzeko, eta presioa ere hor dago, lehenengo aldia delako halako txapelketa handi batean dagoena.    

Eskalatzaile osoa izateko lanean 

Eskalada kirol jarduera olinpiko bilakatuko da Tokio 2020n, eta Linazisorok Podium izeneko beka bat dauka hitzordu hori prestatu ahal izateko: "Eskalada kiol olinpiko izatera pasa zenean Mikelek txipa aldatu zuen. Ordura arte sokako eskaladan zen trebea, horretan ibili izan delako buru-belarri. Baina, Olinpiar Jokoetan hainbat modalitate izango dituzte, abiadura, zailtasuna eta lead deritzona. Eta, azken urteotan beste modalitateetan trebatzen ibili da, eskalatzaile osoagoa izateko lanean". 

Kanporaketa saioa, astelehenean

Zapatuan, hilak 6, egingo zuten Buenos Airesen Olinpiar Jokoetako inaugurazio ekitaldia, eta Parque Mujeres Argentinas kirol instalazioak gertu daude eguaztenean, hilak 10, eskaladako finalak hartzeko.

Hor egoteko, baina, Bergarako gazteak gaurko kanporaketa saioa gainditu beharko du. 09:00etan (Argentinako ordutegian) hasiko dute txapelketa, abiadura modalitatearekin –bi eskalatzaile aurrez aurre, eta gora lehenago iristen denak egiten du aurrera–. 11:00etan berriz, bouldering modalitatea izango dute –eskalatzaileek zailtasunekin osatutako bidea gainditu behar dute ahalik eta huts gutxien eginda– eta 15:00etan lead modalitatea izango dute –saiakera bakarrean 15 metrotako horma igo behar dute; gehienez 6 minutu dituzte horretarako–. Hala, kanporaketa saio hori gaindituta, hilaren 10ean izango du finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak