Mugikortasun Astearen barruan, bihar, irailak 22, Autorik Gabeko Eguna izango da Bergaran eta "herri aktiboa" izateko Udalaren apustuaren barruan askotariko ekintzak antolatu dituzte. "Udalean, osasuntsuagoa eta guztiontzat jasangarriagoa izango den bizimoduan sinisten dugu; eta helburu horretan bat egiten dute gurekin herriko hainbat taldek", adierazi du Kirol zinegotzi Igor Oiarbidek.
Kirol kluben "jarrera aktiboa"
Herriko bederatzi kirol elkartek hartu dute parte biharko egunaren antolakuntzan: Lokatza, Beti Busti, Hanka Labanka, Burdinola, Ariznoa, Xake taldea, Shotokan karate taldea eta Bergara Kirol Elkarteko eskubaloi eta saskibaloi sailak.
Elkarte horiekin kirola praktikatzeko eta kirol horien gainean gehiago ikasteko aukera egongo da bihar herriko hiru gunetan, eta, horretarako, hainbat puntutan autoen zirkulazioa eten egingo da.
Kirola Kalera ekimeneko guneak izango dira Bideberri, Fraiskozuri eta Seminarioko patioa. Egun osorako plana antolatu du Udalak, kirol elkarteen laguntzarekin: 11:00etatik 14:00etara, karatea eta gimnasia erakustaldiak, kirol egokitua, irristaketa, patin-hockeya, txirrindularitza, piraguismoa, saskibaloia, eskubaloia, xakea eta puzgarriak izango dira.
Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, puzgarriak eta ume zein helduendako jolasak egongo dira. Udaleko Kirol Zerbitzuak nabarmendu du herriko taldeek parte hartzeko izan duten "jarrera irekia eta aktiboa".
Kirol egokituaren protagonismoa
Kirol egokituak protagonismo berezia izango du bihar. Haur, gazte zein heldu, urritasuna bizitzeko tartea izango dute herritarrek, esaterako, gurpil aulkian edo begiak estalita.
Eslaloma, boccia eta bestelako kirolak probatu ahalko dira jolasen bidez. "Une batez, urritasunak dituzten pertsonen azalean jarriko dira herritarrak eta hausnarketarako tartea ere egongo da. Jolasaren bidez esperientzia berri bat izateko aukera!".