Guztira hamar bikotek hartu dute parte nagusiendako 33. dantza txapelketan. Aurten estreinakoz Seminarixoan egin dute, Udal pilotalekuan egin beharrean, eta guztira 200 lagun inguru izan dira fandangoaz eta arin-arinez osatutako saioaz gozatzen.
Bikote bakoitzak fandango eta arin-arin bana dantzatu behar izan du. Azpeitiako Elaia Elorza eta German Aranburu izan dira lehenak; Legazpiko Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola igo dira gero oholtzara; eta Azpeitiako Maite Beobide eta Mikel Subinasen txanda izan da ostean; Lezoko Maider Aginaga eta Iker Belintxon etorri dira gero; bosgarrenak izan dira Laura Bastida eta Ekain Uzkudun; seigarrenak Sara Chaves eta Gorka Etxeandia; eta zazpigarren, Azpeitiako Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo; Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo izan dira parte hartzen zortzigarrenak; eta euren ostean Pasaiako eta Irurako Idoia Besadak eta Xabier Artolak eskaini dituzte euren dantzak; azkenik, Errezilgo eta Azpeitiako Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta igo dira oholtzara.
Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, dantza txapelketan.
Berrikuntzak
Txapelketarako puntuagarriak izan ez diren bi ariketa berri ere egin dituzte txapelketan. Alde batetik, fandangoan besoen erabilerari eman diete garrantzia. Bestetik, arin-arinean espazio txikian bikoteak dantzatzeko izan duen gaitasuna hartu dute kontuan.
Saridunak
Epaimahaiak nabarmendu du maila oso ona erakutsi dutela parte-hartzaileek. Pasaiako Idoia Besadak eta Irurako Xabier Artolak lortu dute puntu gehien, eta beraz, eurendako izan da irabazleen txapela.
Idoia Besada eta Xabier Artola irabazleak, garaikurrarekin.
Bigarren gelditu dira txapelketan Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo.
Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, bigarren saria jasotzen.
Eta hirugarren postua lortu dute Lezoko Maider Aginagak eta Iker Belintxonek.
Maider Aginaga eta Iker Belintxon hirugarren sariarekin.