Bergarako San Lorenzo auzoan ezohiko mugimenduak atzeman zituzten Deba Urolako Ertzain-etxeko hainbat agentek. Hain zuzen inguru horretan zaintza zuten jarrita ertzainek, barruan sustantzia estupefazienteen landaketaren bat egon zitekeelakoan. Barrutik gizonezko bat ikusi zuten irteten eta kartoizko kaxa bat eman zion furgoneta batean gerturatutako gidari bati. Auto hori gerarazi eta kaxan marihuana zegoela frogatu zuten ondoren.
Pabiloitik irtendako gizonezkoa kalean identifikatu zuten beranduago eta droga trafikoagatik atxilotu. Pabiloi barruan beste gizonezko bat atzeman zuten gero, landareak mozten ari zela.
Epailearen baimenarekin lekua miatu zuten Segurtasun Saileko kideek, ondoren. 1.500 landare inguru topatu zituzten han –hazte fase ezberdinetan–, baita argi fokuak, erauzgailuak, transformagailuak, ongarri zakuak…, horiek guztiak landareak hazteko beharrezkoak.
Bi atxilotuak polizia etxera eroan zituzten.