San Martin jaietan izango da hitzordua. 11 bikotek parte hartuko dute dantza suelto txapelketan, eta epaimahaia osatuko dute Euskal Dantzari Biltzarrak izendatutako hiru kidek: Gabriel Alonsok, Arantxa Garinek eta Antton Mendizabalek, hain zuzen ere.
Berrikuntza bi izango ditu
Dantzarien biltzarrak bi berrikuntza sartu ditu txapelketan; bi froga egingo dituzte betiko dantza saioan. Bi froga berri horiekin txapelketa luzeegia gerta ez dadin, fandangoa eta arin-arina buelta erdira pasatu dituzte.
Bi froga horiek izango dira: besoen erabilera neurtzea eta espazio txikian dantza egitea. Besoen erabilera neurtuko duten proba fandangoaren doinuz egingo da: "Garai batean besoak oso gora eramateko joera gailendu bazen ere, jakin badakigu besoek lehen – bai plazan eta baita erakusketa ezberdinetan ere– beste naturaltasun eta funtzionaltasun bat zutela. Txapelketetan eta dantza taldeetan, aldiz, joera hauek baztertzen joan dira eta oso goian eramateko joera zabaldu da, adierazgarritasuna eta bizitasuna galduz. Besoen erabilera freskoago haiek edota asma litezkeen modu berri eta malguagotarantz jo nahi genuke", azaldu dute biltzarreko kideek.
Bigarren froga espazio txikian dantzatzekoa izango da eta hau arin-arinez dantzatuko da: "Sarri entzun izan dugun: 'lehen saiatzen ginen ahalik eta leku txikienean dantzatzea'. Egia da azken aldian dantza soltea oso fisikoa, intentsitate handikoa eta espazio zabalekoa bihurtu dela, eta, agian, zokoratu direla zertxobait espazio txikiko pausu eta trebeziak: pikeak, gurutzatzeak…. Espazio labur batean dantzatzeak, gertutasunak, jarrera ezberdinak eskatzen dizkio dantzariari, eta hauen artean konplizitatea garatzen da", diote.
Bikoteak
Parte hartuko duten bikoteak –zerrenda zozketaren araberakoa da– izango dira:
1. Elaia Elorza - German Aranburu, Azpeitia
2. Idoia Narbaiza - Irati Olaizola, Legazpi
3. Maite Beobide - Mikel Subinas, Azpeitia
4. Maider Aginaga - Iker Belintxon, Lezo
5. Laura Bastida - Ekain Uzkudun, Azpeitia
6. Sara Chaves - Gorka Etxeandia, Gasteiz
7. Maider Arrieta - Jon Ander Iriondo, Azpeitia
8. Saioa Galarraga - Julen Murgiondo, Bergara
9. Idoia Besada - Xabier Artola, Pasaia-Irura
10. Nagore Berrondo - Iker Sarasua, Errezil-Azkoitia
11. Leire Eizmendi - Gorka Kerejeta, Errezil-Azpeitia
Sariak izango dira
Ondorengo sariak emango dituzte:
1. Saria. Udalak emandako garaikurra, txapela, zapia eta 200 euro.
2. Saria. Garaikurra eta 180 euro.
3. Saria. Garaikurra eta 170 euro.
Parte hartuko duten beste bikote guztiek 125 euroko dieta jasoko dute.