"Historikoa izan da!" Hitz horiek erabili ditu Bergarako Futbol saileko kirol arduradun den Manu Diazek gaurko txapeldunek lortutakoa deskribatzeko. "Ez zegoen gidoian idatzita, baina, azkenean, Bergara izan da txapeldun".
Eta ez da gutxiagorako. Realak maila aparta duela erakutsi du, baina etxekoek, oso partidu txukuna eginez, penaltietan garaitzea lortu dute.
Lehen aldiz jokatu dute Emakumezkoen Bergara Hiria Txapelketa ondorengo lau taldeen artean: Textiles Escudo –Kantabriako Cabezon de la Sal herrikoak–, Azpeitiko Lagun Onak, Erreala eta Bergara. Lehen finalerdian mahoneroek eta kantabriarrek neurtu dituzte indarrak, eta etxekoak izan dira garaile (2-0). Mariñe Diaz eta Jone Jauregi izan dira golegileak.
Reala zen txapelketa irabazteko faborito garbia, baina are faboritoago heldu dira finalera Lagun Onak taldea 10-0 garaitu ostean. Baina finaletan, aurretik egindako guztiak ez du askorako balio izaten, eta gaurkoa izan da horren adibide.
Finalak, beste partidu guztiek bezala, 40 minutuko iraupena izan du, eta 0-0eko markagailuarekin amaitu da. Beraz, irabazlea penalti jaurtiketa bidez erabaki behar izan dute. Etxekoek jaurti dute lehena, baina langa gainetik gora joan da baloia. Ez da penalti txanda hasteko modurik onena izan, baina handik aurrera dena ondo egin dute bergararrek. Realekoek bi penalti huts egin dituzten jarraian, eta etxekoek, aldiz, ate barrura bidali dituzte gainontzeko guztiak.
Harmailak goraino beteta zeuden, eta etxekoek azken penaltia sartzeaz bat poza eta eromena zabaldu dira Agorrosinen. Pronostikoen aurka, etxekoak garaile izan dira, eta ziur ez dutela gaurko eguna erraz ahaztuko. Zorionak!