Azken urteotako ohiturari jarraituz, txikienen ikasturte hasiera kulturaz busti gura izan dute Jardun elkartekoek, eta Didau Antzerki Faktoriaren Beldartxo jatuna antzezlana aukeratu dute aurten horretarako. Errotalde parkean izan zen atzo arratsaldean 0-6 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen obraren emanaldia, eta ume zein guraso, jende dezente batu zen bertan.
Besteak beste zuzeneko musika, aktoreen lana eta txotxongiloak uztartu zituen ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten handi eta txikiek. Tximeleta bihurtu arte beldar batek bizitakoak kontatzen dira obran eta ikusleek gustuko izan zuten seinale da motza iruditu zitzaiela. Formatu txikiko obren eta herriko parkeak balioan jartzearen aldeko apustua egitea ere bada jardunekoen helburua mota honetako emanaldiekin, eta arduradunak ere gustura agertu dira izandako erantzunarekin.