Iraila Kulturalaren barruan musika klasikoa herritarrei erakustea helburu duen Musika Kalean eskaintza nabarmendu dute. "Musika klasikoa herritarrei erakusteko modu egokiena plazara, kalera ateratzea da. Ohituta gaude musika klasikoa areto txikietan entzutera baina nahi duguna da parkeetara ateratzea", azaldu du Edurne Korta kultura teknikariak.
Ganbara eta Suakai
Aste bukaeran hasiko dituzte kontzertuak: zapatuan Oñatiko Ganbara abesbatzaren emanaldia izango da Seminarixoan 19:00etan, eta domekan, Suakairen emanaldia Arrizuriagan, 19:00etan: "Serenity lana aurkeztu du Ganbarak, Seminarixoan. Bestalde, Suakai taldea abuztuan izan zen gurean, Suakai elektriko moduan. Oraingoan modu klasikoagoan etorriko dira, musika lasaiarekin, baina entretenigarriarekin", gaineratu du Kortak.
Helburu nagusia musika kalera ateratzea den arren eguraldi txarra egingo balu emanaldiak Seminarixoan izango lirateke. Emanaldiak doan izango dira.
750. urteurreneko kontzertua
Horrez gain, Kultura Kalera izenarekin herriko elkarteen lana erakutsi nahi dute. Hileko azkeneko aste bukaeran izango da hori: hilaren 28an 750. urteurreneko kontzertua eskainiko dute eta hilaren 30ean San Martin plazan tailerrak egingo dituzte. Kontzerturako gonbidapenak noiz eta nola banatu aztertzen dabiltza oraindik. Aurrerago emango dute horri buruzko informazioa.