Bariku gauean hasi zituzten Kofraixak jaiak Osintxun, berritasun batekin hain zuzen. Izan ere, aurten, Martiritxo izena duen panpinaren jaitsiera egin zuten jaiei hasiera emateko.
Urtero moduan, aurten ere ez da falta izan bizikleta martxa Soraluzera, mozorrotuta, eta hori indartzeko asmoz, photocall batekin girotu zuten ekimena. Bariku gauean, gainera, Local crew eta Nerabe taldeen kontzertuez gain DJ Arnok girotu zuen gaua.
Zapatuan, bestalde, haur eta gaztetxoendako txanda izan zen, batez ere. Goizean zehar jolasak izan zituzten plazan, eta arratsaldean puzgarriak eta apar festa. Helduek, gainera, kuadrillen arteko bazkariaz gozatu zuten frontoian. Arratsaldean marmitako lehiaketa izan zen, eta guztira 10 aurkeztu zituzten. Toka txapelketan ere ibiltzeko aukera izan zuten.