Bi susmagarriak identifikatu, eta lapurtutako hainbat objektu eta autoa berreskuratu ahal izan zituen Ertzaintzak.
Lapurreta joan den astean gertatu zen, Bergarako familia bakarreko etxebizitza batean. "Jabeak oporretan zeudela baliatuta, lapurrek atea bortxatu eta etxebizitza garbitu zuten. Besteak beste, balioko objektu batzuk –dirua, etxetresna elektrikoak eta aparatu elektronikoak– eta garajean zegoen auto bat lapurtu zituzten".
Jabeen salaketa jaso ondoren, agenteak ikertzen hasi ziren, bi susmagarriak identifikatzeko asmoz. "Ikerketei esker, lapurtutakoaren zati bat aurkitu ahal izan zuen Ertzaintzak, Gasteizko bigarren eskuko gauzen salerosketa-denda batean saldu ondoren". Halaber, lapurtutako autoa ere aurkitu zuten Legutioko udal-mugartean. "Lapurrek bertan utzi zuten abandonatuta, barruan etxebizitzan lapurtutako hainbat etxetresna elektriko eta aparatu zituela".
Biak bergararrak
Azkenik, ikerketa-agenteek ustezko lapurrak identifikatu zituzten. Bata 34 urteko gizonezkoa da, eta bestea 26 urteko emakumezkoa, biak Bergarako biztanleak. Haien bizilekuan atxilotu zituzten.
Atxilotuak polizia-bulegoetara eraman zituzten bidezko eginbideak egiteko, eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku jarriko dira.