Lehenik, blokearekin hasi ziren. "Sailkatzeko fasea nahiko ondo pasatu nuen. Finalaurrekora arte nire multzoko seigarren -20 sailkatzen dira finalaurrekora-. Gero finalaurrekoan maila handia zegoen, eta nik ez nuen oso ondo egin. Azkenean, 16. postuan bukatu nuen. Boulderra ez da nire punturik indartsuena, eta egia esateko, nahiko ondo joan zen".
Hurrengo modalitatea speed edo azkartasuna izan zen. Espainiako errekorra ezarri zuen modalitate horretan Linazisorok, proba 7,6 segundotan amaituta. Hala ere, finalean sartzetik 0,1 segundora gelditu zen, eta azkenean, 19. postuarekin konformatu behar izan zuen.
Azkena soka edo zailtasuna izan zen. Sailkatzeko fasean nahiko txukun aritu zen bergarra, eta 10. postuan sailkatu zen finalaurrekoetara. "Finalaurrekoetan oso ondo eskalatu nuen, pauso bat gaizki irakurri eta alderantziz egin nuen arte. Hori dela eta, ia nekatuta egon barik, jausi egin nintzen eta finalera pasatzetik bi presatara geratu nintzen. Sokan lenengo seiren artean geratzea gustauko litzaidake, eta nahiko egingarri ikusten nuen, forma onean nengoelako, baina azkenean ezin izan nuen lortu", azaldu du. 21. postuan bukatu zuen.
Datozen txapelketak
Orain, gazte mailako Europako Boulder txapelketa jokatuko du Bruselan abuztuaren 31n, eta gero senior mailako Munduko Txapelketa Innsbrucken, irailaren 6tik 16ra.