60.Sketchcrawl, mundu mailan egiten den marrazketa topaketa egin dute gaur, zapatua, eta Euskal Herriko marrazketazaleak Bergaran elkartu dira. 22 lagun batu dira Olaso Dorreko lorategian eta han sortu dituzte lehenengo marrazkiak –arkatza, akuarela eta bestelako margoak erabilita–; handik Irizar Jauregiraino joan dira, mokadutxoa egin eta marrazten jarraitzeko, eta Usondo parkean egin dute hirugarren, eta azken marrazketa-saioa.
"Giro ona egoten delako, lagunen artean marraztea gustatzen zaielako, batak bestearengandik asko ikasten dutelako, etxe ondoan zelako...", horregatik guztiagatik ez dute hutsik egin gaur Bergarako topaketan parte hartu duten artistek. Herrikoez gainera, Zumarragatik, Eibartik, Debatik, Arrasatetik eta Bilbotik hurbildutako margolariak izan dira.
Gaurko marrazkiak sarean ikusgai
Egindako marrazkiak sarean partekatzea da Sketchcrawl topaketek duten ezaugarria edo baldintza, hori horrela, Bergaran egindakoak Euskal Herriko Sketchcrawl taldeak duen –Euskalherriansketchcrawl.blogspot.com–atarian, facebook-en eta Instagram-en ikus daitezke..