Duela bost urte sortu zen Semicup eta ordutik txapelketaren helburua aldatzen joan dela dio antolakuntzak: "Hasiera batean, Labegaraietan antolatzen zen urte osoko txapelketarako jendea erakartzeko sortu zen. Labegaraietakoa desagertu zenez, orain talde giroan kirola sustatu eta jai herrikoi moduan hartzen dugu".
"Sekulako giroa" antolakuntzan
Antolakuntza taldean "sekulako giroa" dagoela diote: "Adin ezberdinetako jendea elkartzen gara, areto futbola gustuko dugunak; umetan seminarioan futbolean ordu asko pasatako jendea gara".
Kantxa berriro margotu
Bosgarren edizio honetan sorpresaren bat egongo dela diote: "Beharbada drone-ak sartuko ditugu, baina ikusiko da". Hori bai, aurten kantxa berriro margotuko dute: "Lehen urtean pintatu genuen eta errepaso baten beharrean dagoela ikusi dugu. Arratsaldero bertan egoten diren umeak poztu egingo dira".
Neskak erakarri guran
Aurten ere nesken parte hartzea egongo da, antolakuntzaren helburuetako bat ere hori bera delako: "Nesken parte hartzea urtetik urtera handitzen doa eta horrek ilusio berezia egiten digu, lehen urteetan bazegoelako gabezia hori. Bergarako nesken taldeko futboleko kapitain Mariñe Diazen parte hartzeak hurrengo belaunaldien parte hartzea sustatuko duelakoan gaude".
12 orduko futbol festa gutxienez
Oraindik dena ez dute lotuta, baina asmoa zapatuan 08:00etan hastea eta finala 20:00ak inguruan egitea. "Baina apuntatu den talde kopurua ikusita ez dugu baztertzen txapelketako partida batzuk ostiralean jokatzerik. Antolakuntzatik, urteroko #EzAhaztu traola erabiltzera animatzen zaituztegu, txapelketaren oihartzuna are handiagoa izateko eta nondik norakoak jarraitzeko".
VAR-ik ez baina 'BAR'-a bai
Umore ukitu nabarmenarekin gaineratu dute aurten ere txosna jarriko dute: "Munduko Kopakoak baino aurrerakoiagoak garela erakutsi dugu; Mundialean VAR teknologia jarri da martxan aurten, baina guk aspaldi jarri genuan BAR teknologia hori modan. Txosna bat egongo da, musikaren laguntzarekin. Speaker bila gabiltza eta casting-a zabalik daukagu; beraz, garaiz zabiltzate".