Ezdakiu eta Atzetik Lehenak nagusi Ipintzako txapelketan

Mireia Bikuña 2018ko uzt. 14a, 11:45

Langostas taldearen kontrako finalean 2-0 gailendu zen Ezdakiu, eta hirugarrenez jaso zuen txapeldunaren saria. Kopako finala askoz parekatuagoa izan zen: 4-3 irabazi zuen Atzetik Lehenak taldeak, Savandijasen kontra. Txapelketako golegile onena Unai Arieta izan zen, eta txapelketako jokalari onena, Ander Franco.

Hamabost talderekin hasi zen Ipintzako futbol txapelketa, eta bi onenek jokatu dute ligako txapelketa. Ezdakiu eta Langostas izan dira talde onenak, eta euren artean egon da sari nagusia. Lehenak ziren faborito nagusi, eta ez dute hutsik egin. Lehen zatiaren hondarrean, 29. minutuan –30 minutukoak dira zatiak– penalti bidez aurreratu dira.

Bigarren zatian, gol bila irten dira bi taldeak. Finala erabakita uzteko batzuk, eta berdinketa lortzeko besteak. Biek ala biek izan dituzte aukerak gola sartzeko. Aukera bana oso garbia, baina azken errematean ez dute asmatu. Bukatzeko bost minutu geratzen zirenean, bigarren gola sartu du Ezdakiuk, lehia erabakita uzteko.

Kopako finala

Koparako sailkatu ziren zazpi taldeen artean, Atzetik Lehenak eta Savandijas taldeek jokatu dute finala. Lehia parekatu eta estu baten ostean, Atzetik Lehenak nagusitu da, 4-3.

Sari banaketa

Finalen ostean, sari banaketa ekitaldia egin dute. Ligako eta kopako txapeldunak eta txapeldunordeak saritu ostean, jokalarien sariak banatu dituzte. Denboraldiko golegile onena Unai Arieta izan da, eta txapelketako eta finaleko jokalari onena, Ander Franco.

Bestalde, antolakuntzak sari berezi bat banatu du. Urte askoan jokalari moduan diharduen Ezdakiu taldeko Juan Luis Etxaniz, alegia.

Emakumezkoak eta beteranoak

Bestalde, eguaztenean jokatu ziren emakumezkoen eta beteranoen finalak. Hurrenez hurren, Kakalarduak eta Poteo Izarrak izan ziren txapeldun. Jokalari onenak Lide Albeniz eta Jon Alberdi, eta golegile onenak Maite Arantzabal eta Nathan Olabarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak