Domekan jokatuko da, arratsaldeko bostetan, futboleko Munduko Txapelketako final handia, Moskuko Luzhniki estadioan. Frantzia eta Kroazia arituko dira nor baino nor gehiago munduko txapeldun izateko, eta mundu osoko milioika lagunek ikusiko dute zuzenean urteko kirol ekitaldi nagusietako bat izango dena. Bada, Mbappe, Griezmann, Rakitic eta Modric ez dira egongo, baina Bergarako futbolzaleek Munduko Kopa propioko finalak izango dituzte gaur Ipintzan.
Izan ere, gaur jokatuko dira Udako Torneoko kopako (18:00) eta ligako (19:30) finalak. 17:30etik "giro beroa" egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Aurten, hamabost taldek eman dute izena; zortzi onenak ligarako lehiatu dira eta beste zazpiak koparako sailkatu ziren. Gainera, atzo iluntzean jokatu ziren finalak beteranoetan eta nesketan. "Txapelketa ondo joan da, orokorrean, eta orain, borobiltzea falta zaigu", dio antolakuntzako kide Paul Valgañonek.
Liga: Ezdakiu vs Langostas
Astelehenean jokatu ziren ligako finalerdiak. Batetik, iazko finala jokatu zuten bi taldeak: SVC –iazko txapelduna– eta Langostas. Oso partidu parekatua izan zen, aukera gutxikoa, eta igarri zen errespetu handia diotela elkarri. Husnako berdinketarekin bukatu zenez, penaltietan erabaki zen lehen finalista, eta penalti puntutik Langostas aritu zen SVC baino finago (5-4).
Hortaz, aurten txapeldun berria izango du Ipintzako Mundiala-k eta Langostas bigarren urtez jarraian sailkatu da ligako finalerako. Ligako bigarren finalerdia Ezdakiu eta MCK taldeen artekoa izan zen. Ezdakiu zen faborito –ligako txapeldun izandakoak birritan– eta nagusitasunez gailendu zen finalerdi baterako lehenengoz sailkatu den MCKren aurrean (2-0). "Ezdakiu da faborito, baina adi Langostasekin...".
Atzetik Lehenak vs Savandijas
Bestalde, martitzenean jokatu ziren kopako finalerdiak. Batetik, Ponpi eta Atzetik Lehenak aritu ziren nor baino nor gehiago. Emoziorik ez zen falta izan: Ponpi izan zen nagusi lehen zatian, eta, atsedenaldira 1-0koarekin joan arren, bigarren zatian Atzetik Lehenak-ekoak buelta eman eta 1-2 jarri ziren aurretik; hala ere, azken minutuan Ponpik binakoa jartzea lortu zuen. Penaltietan, Atzetik Lehenak izan zen nagusi.
Kopako bigarren finalerdian, Poteo Izarrak eta Savandijas lehiatu ziren. Beste finalerdiaren oso antzekoa izan zen bigarrena; Poteo Izarrak jaun eta jabe izanda, 1-0koarekin joan zen atsedenaldira, baina bigarren zatian Savandijas erreakzionatu eta 1-2 jarri zen. Azken txanpan, Poteo Izarrak-ek berdintzea lortu zuen, baina penaltietan Savandijas aritu zen finago.
Semicup txapelketa uztailaren 21ean
Udako beste klasikoetako bat da Semicup txapelketa. Seminarioko patioan areto futbola izango da protagonista uztailaren 21ean, hamabi ordu iraungo duen futbol jaialdian. 16 urtetik gorako futbolzaleendako txapelketa da eta aurten ere antolatzaileek dei berezia egin diete neskei, parte har dezaten. Argibide gehiagorako hemen klikatu.