Urtarrilaren 15etik orain arte, astelehenero egin dituzte elkarretaratzeak Bergarako udaletxe aurrean, beste herri batzuetan bezala, pentsio "duinen" alde. Bergarako Jubilatu eta Pentsiodunen Asanbladatik oraingoan azpimarratu nahi izan dute, orain gutxi onartu diren aurrekontuak euren ustez "antisozialak" direla, "eskupeko txiki bat besterik" ez direla, eta "duintasunetik oso urrun" geratzen direla. Horregatik, lau puntu hauek eskatu dituzte: pentsioak berreskuratzeko KPIaren araberako igoera automatikoa izan behar dela, gizonen eta emakumeen pentsioen arteko arrakalarekin amaitu behar dela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote pentsio baxuenak 1.080 euro arte osatzea eta Gizarte Segurantzaren transferentzia integrala.
Gaineratu dute orain arte egin izan diren manifestazio "jendetsuek" efektua egin dutela, baina salatu dute oraindik Euskal Autonomia Erkidegoan 192.000 pertsonak jarraitzen dutela 700 euro baino gutxiagoko pentsioak jasotzen, eta horien artean gehienak emakumezkoak direla.
Zapatuko manifestazioaren ostean, atseden bat hartuko dute eta eten egingo dituzte astelehenero egin izan dituzten elkarretaratzeak, baina udazkenean helduko diote berriro kontuari.
Bukatzeko, zapatuko manifestazioan parte hartzera animatu nahi izan dituzte debagoiendarrak.