Bergarako Musika Bandak beste 11 bandekin batera zeresana izan zuen Iruñeko Banda Munizipalaren (La Pamplonesa) sorreran. Izan ere, 1918an banden lehiaketa bat antolatu zen Gran Concurso de bandas Civiles de Pamplona izenekoa eta bertan 12 herriko bandek hartu zuten parte horietariko bat Bergarakoa izanik. Lehiaketa horri esker, 1919an Iruñeko Banda Munizipala jaio zen. Bergarako Bandak, gainera lehen kategorian hartu zuen parte eta bi sari jaso zituen.
Gauzak horrela, Iruñeko Bandako arduradunek Bergarako Bandaren zein beste 11 herrien arduradunengana jo dute ostegunean ospatuko den 100.urteurreneko ospakizunera gonbidatuz.
Alfredo Gonzalez zuzendari eta alaba Bandako kide
Gaur egun Bergarako Bandako zuzendaria da Alfredo Gonzalez eta jakin badaki bere aitona (Ignazio Gonzalez) zuzendaria zenean leku gehienetan kontzertuak eskaintzeaz gain, lehiaketa askotan parte hartzen zutela. Are gehiago, sari garrantzitsuak eskuratu zituzten eta hori dela eta, Bergarako Banda Euskal Herriko beteranoen artean dago.
Patrizia Gonzalez, Alfredoren alaba izatez gainera, Bergarako Bandako kidea da. Patriziarentzat ohore bat da Bergarako Bandaren parte izatea eta berarentzat bandan jotzeak esanahi handia du.
Osteguneko ekitaldia
Guztira 12 herrietako bandak gonbidatu dituzte eta guztion artean hainbat ekintzetan hartuko dute parte.
- 11:00 Iruñeko Bandari buruz idatzi duten liburuaren aurkezpena.
- 12:00 Harrera Udaletxean.
- 14:00 Bazkaria.
- 17:30 12 bandei omenaldia.
2019ko ekaina
Iruñeko Bandaren mendeurrenaren ekitaldi nagusia 2019ko ekainean ospatuko da eta Bergarako Bandak ospakizun horretan egoteko gonbidapena jaso du.