"Urtero denboraldiari amaiera emateko bazkaria egiten dugu Elosuko elkartean eta ohitura bihurtu da bazkalostean elkarte kanpoko barandan talde argazkia ateratzea. Aurten, baina, argazkia bazkaldu aurretik eta frontoian aterako genuela esan ziguten eta orain arte zuzendaritzan egon garenok erantzun genien esanez bazkaldu ostean eta barandan ateratzen dugula beti argazki hori. Frontoira eraman gintuzten eta orduan agertu ziren mahoi jantzitako dantzariak. Oraindik ere hunkituta nago zapatukoa gogoratzerakoan...".
30 bat urtez pilota saileko zuzendaritzan egon den Reyes Azkoitiak nekez ahaztuko du ekainaren 30ean jaso zuten omenaldia. "Erabateko sorpresa" izan zen; aurreskua, bertsoa eta argazki zaharrekin osatutako oroigarria eraman zuten etxera.
Belaunaldi aldaketa badago
Urte luzez zuzendaritza osatu duten zortzi lagun omendu zituzten: Reyes Azkoitia, Felix Larrañaga, Luis Mari Gutierrez, Jose Mari Muruamendiaraz, Iñigo Eguren, Jose Ignacio Muguruza, Karmelo Osa eta Iñigo Zaitegi.
Betiko zuzendaritzaren lanak izango du jarraipena, eta lekukoa hartuko dieten kideak honako hauek izango dira: Iker Muruamendiaraz, Aitor Muruamendiaraz, Ander Muruamendiaraz, Eloy Crespo, Jon Larrañaga, Beñat Iñarra, Aritz Rezusta, Gorka Irizar, Julen Aranburu, Aitor Oregi eta Mikel Gallastegi.
Argazkia: Zuri kantxaratu beharrean, mahoi jantzita aurreskua dantzatu zieten pilotariek.
Argazkia: Kargua utziko dutenek "oso hunkituta" jaso zuten omenaldia.