Berumugaren barruan uztaileko egubakoitzak musikatuak izango dira Espoloia. Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira.
Uztailaren 6an, Shirley Davis & The Silverbacks: soul estilo purua afrobeat ukituekin osatutako doinuek hartuko dute Espoloiko agertokia. Kasualitate batzuen eraginez sortutako egitasmoa da: Tucxone Records argitaletxeko ordezkariek Shirley Davis ingelesa kantuan entzun, eta haren ahotsarekin txundituta, Davisi euren zigiluarekin bat egiteko proposatu zien.
Uztailaren 13an, The Cherry Boppers: 2004an Bilbon jaiotako zazpikoteak hartuko du lekukoa. Doinu eta erritmo afroamerikarrak jazzarekin eta soularekin nahastu eta hedatzeko asmoz sortutako taldeak, ibilbide emankorra du: lan asko argitaratu dituzte eta emanaldi asko eskaini ere bai, bereziki, Frantzian, Alemanian eta Holandan. For dancers only lan berriarekin helburu zehatza dute: publikoa dantzan jartzea.
Uztailaren 20an, Ash Grunbald Band: Australiako rock&blues musika eszenan izen handia duen artista, power trio formatuan izango da Espoloian jotzen hirugarrena. Hamabi urtetan bederatzi disko argitaratzea bada, Grunbalden ibilbidearen erakusle garbia. Ahots zakar eta sakonarekin, eta itxitako errepertorio barik, inprobisazioaren jeinutzat eta rock-blues psikodelikoaren maisutzat dute adituek.
Uztailaren 27an, Welma Powell & Bluedays: Ameriketako Estatu Batuetako artistak, oraingoan ere, Bluedays taldea lagun duela, kaleratu berri duten bigarren lana aurkeztuko du. Chicagoko blues elektrikoa du Powellek ezaugarri nagusi, adiera bat baino gehiagoko hitzekin osatutako abestietan. Adituen esanetan: "Indarra, karisma gainezka, abesti hunkigarriak eta itzelezko presentzia taularen gainean".
Uztailerako eta abuzturako ikuskizunak
Uztailerako hiru kale ikuskizun antolatu ditu Udalak eta eguraldiak laguntzen ez badu seminarioko karpan egingo dira. Lapur minak kale antzerkia, Chef Nature kale antzerkia eta klasiko bihurtu diren dantza folkloriko emanaldiak: aurten Irlandako Trim The Velvet eta Thailandiako Chanthaburi.
Abuztuari dagokionez, Babo Royal kale antzerkia, Igelaren bandaren kontzertua, Suakai Elektrikoa, Eskobien Atzien ikuskizuna eta Pantxoa eta Arantxaren kontzertua izango dira. Ikuskizun horiek herriko gune ezberdinetan izango dira (ikus egitaraua).