Erantzun ona izan du deialdiak: 130 neska-mutikok eman dute izena, eta Ipintzako eta Agorrosingo zelaiak erabiltzen dabiltza. Beñat Lopetegi antolatzaileak azaldu du Bergarara jo zutela "harrobia zaintzen" duen elkartea delako. Klubeko entrenatzaileen laguntza izan dute futbol campusa aurrera ateratzeko. Adinaren arabera banatu dituzte lan saioak.
Eguna lau zatitan banatu dute
8 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako campusa da. Batez ere Bergarako gaztetxoek eman dute izena, baina baita Antzuolako batzuk ere. Egubakoitzera arte ibiliko dira lanean, eta eguna lau zatitan banatu dute: beroketak egiten dituzte lehenengo, teknikan lantzen dute ondoren, hamaiketakoa egiten dute, eta azkenik partiduak jokatzen dituzte.
Lagun berriak egiteko aukera
Euren ohiko taldekideekin bakarrik ez, beste talde batzuetako jokalariekin egoteko balio die campusak, eta lagun berriak egiteko. Gainera, denboraldian zehar egindakoak errepasatu eta gauza berriak ikasten dute campusean. "Jaurtiketak, kontrolak eta iskin nola egin ikasiko dugu, besteak beste", azaldu du Euken Azpeitia entrenatzaileak.
Aretxabaletako campusa
Bailarako beste herri batzuetan ere egiten dituzte futbol campusak: Aretxabaletan, esaterako, zortzigarren urtez antolatuko dute Geroa sortuz udako futbol campusa. Uztailean egingo dute bost eguneko bi txandatan.