Aurten lehenengoz egin dute Mariaren Lagundiakoek azoka solidarioa: "Oñatin Elkar Hezik urtero egiten duena hartu dugu oinarri", azaldu du Arantzazu Ugarte antolatzaileak. "Helburua da gobernuz kanpoko erakundeei aukera ematea euren lana eta burua ezagutzera emateko, eta salmenten bitartez dirua euren proiektuetara bideratzeko", azaldu du Ugartek. Horrez gain, ikasleekin egin duten lana nabarmendu du: "Aste osoan landu dugu gaia ikasleekin, eurek ere gaiaren berri izan dezaten eta parte har dezaten".
Mariaren Lagundiako erakundea
13 postu jarri dituzte, eta "lehenengo aldia izateko pozik" daudela dio Ugartek. Mariaren Lagundiako postua ere egon da azokan: FISC. "Mariaren Lagundiako erakundea da –mundu mailakoa– eta lan egiten dute Nikaraguan, adibidez, ura eramaten, edo eskolak eraikitzen...", azaldu du.
Urte amaierako jaia
Gaur, gainera, urte amaierako jaia egin dute ikastolan. Pintxo lehiaketa, gymkana, postuak jarri dituzte, bazkaria izan dute –300 bat lagun– eta Dj festa izango dute amaitzeko.