Hainbat urtez etenda egon ostean, uda aurretik hasi gura dituzte AHTaren Bergarako lotuneko lanak – aurreikuspenen arabera, bukatuta leudeke 2021eko azken hiruhilekorako–. Hain zuzen ere, OHLk, Geotunelek, Construcciones Adolfo Sobrinok eta G&Ok osaturiko aldi baterako enpresa elkarteak du lotuneko lehen sektoreko lanak egitearen ardura; Arrasate, Elorrio eta Bergara lotzen ditu horrek. Adifek esleituta, 192,3 milioi euroko aurrekontuarekin –BEZa barne– hasiko dituzte lanak.
Gauzak horrela, datozen urteetan hainbat azpiegitura eraikiko dituzte Bergarako lotuneko 5,1 kilometroko bidean. Adifek aurreikusitakoaren arabera, zonak hiru tunel ditu beharrezko: Udalatx ekialdea –2,3 kilometro–, Udalatx mendebaldea –2,3 kilometro– eta Kortazar –1,6 kilometro–. Eta, horiez aparte, bi zubi-bide eraikiko dituzte lotuneko bide zati horretan: Arantostei –20 metro– eta Angiozarko galeria artifiziala –200 metro–.
Orotara, hiru sektore
Espainiako Gobernuak egindako obra plangintza berriak hiru sektore ditu aurreikusita lotunearendako –horrek lotuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak–. Eta datozen hilabeteetan hasi gura dituzte gainerako eremuetako lanak: lehen sektorea –2,8 kilometro– eta bigarren sektorea –5,2 kilometro–. Guztira, Espainiako Gobernuak 537 milioiko aurrekontua du zehazturik plangintza berrirako.
Besteak beste, adjudikatuta dituzte lehenengo sektoreko obrak ere, 89 milioi euroko aurrekontuarekin. 2,8 kilometroko luzera du bide zati horrek –plangintzako laburrena da–. Eta Elorrio eta Bergara lotuko ditu. Zehatz esanda, 37 hilabeteko lana aurreikusi dute bide zati horrentzat.
Horretan ere zenbait tunel eta zubi-bide eraikiko dituzte, besteak beste. "Bi noranzkoko tunela egingo dugu –Kortazar–, 1,9 kilometro pasakoa. Eta, horrez aparte, bi zubibide –573 metrokoa eta 66koa– eta horma pilote bat izango ditu bide zati horrek", argitu du Adifek. Bestetik, hamabi konexio galeria, hormak, drainadurak eta segurtasunari begirako zenbait elementu eraikitzeko asmoarekin ere badihardute.
Sektore garestiena
Eta, aurreikuspenen arabera, bigarren sektoreak eroango du aurrekontuaren zatirik handiena. 5,2 kilometroko luzera du lotunearen zati horrek; lehen sektoreak bezala, Arrasate, Elorrio eta Bergara lotuko ditu –beste alde batetik–. Hala, 255,6 milioi euroko aurrekontua dago aurreikusita bigarren sektorearendako. Izan ere, lur azpiko lanak izango dira horretan nagusi –%98, hain zuzen ere–. Tartean, lau tunel eraikiko dituzte bertan.
Aramaioko Udala, kexu
Bestetik, AHTaren lanek hainbat kalte eragin dituzte Aramaion. Eta Lierni Altuna alkateak Legebiltzarrera eroan du hori. "Udal bideak behin-behinean desjabetu ziren, baina ez dago horren xehetasunik. Eta galdutako bideen ordezkorik ez dago definituta –gainera, katastroan desjabetze guztiak ez daude definituta–; trenbidearen inguruan dauden ur arazoak ez daude konponduta; Zabola eta Untzilla auzuneak konpontzeke daude oraindik; Lugartegi...", salatu zuen Altunak.