Nabarmentzeko zuzenekoak
Zabaletak gaineratu du Mursego eibartarren zuzenekoa izango dela nabarmentzeko moduko emanaldia: "Urteak daramatzagu haren atzetik". Horrez gain, DJ Muerto eta DJ Koldo ere nabarmendu ditu, urteak daramatzate-eta "musika jartzen". "Techno eszenako izen potoloak dira, goi mailakoak, nahiz eta beti ezkutuan ibili diren", azaldu du. Horren harira dio helburua izaten dela underground eszenako DJak bilatzea. Aitor Maiorak gaineratu du saiatzen direla dantzarako bakarrik diren emanaldiak ez eskaintzen: "Kostatzen da beste era bateko elektronika bilatzea, baina elektronika entzuteko ere bada, saiatzen gara eserita entzuteko DJak ekartzen".
Elektronikaren egoera
Musika elektronikoaren gainean galdetuta, Zabaletak dio gaur egun Donostian eta Bilbon aukera zabala dagoela, baina guztiak club zehatzetara mugatuta daudela. "Beste herrialde batzuekin alderatuta, hemengo egoera ahula da", azaldu du Zabaletak.Iaz 230 lagun inguru elkartu ziren BET jaialdian; kopuru polita, antolatzaileen esanetan. "Jende asko azkeneko orduan etortzen da, tabernak ixten dituztenean", diote. Egun polita izaten dela gaineratu dute eta guztiek dantzan bukatzen dutela. Hori horrela, hurrengo urteetan topaketak jarraipena izango duela azaldu dute. Orain arte bi gune bereizi izan dituzte: barnealdea eta kanpoko terraza. Bada, eguraldi txarra iragarri dutenez, bihar terraza itxita egongo da. Hala ere, dena prestu dute topaketaz gozatzeko.
Agertokian izango direnak
Acid Fortwins (Donibane Lohizune)
• Peio Erramouspe eta Martin Grasset. Azid eta punkaren mugak
irekitzen dituen esperimentazioa.
DJ Baleaonda (Donibane Lohizune)
• Moi Moi kolektiboko eta Baleapop jaialdiko aktibistak.
DJ Koldo eta B2B DJ Muerto (Donostia-Madril)
• Koldo technoari lotu izan da beti; DJ Muerto 80ko hamarkadan.
DJ Manci (Donostia)
• Arriskatzeko beldur barik, hainbat generotan eroso sentitzen da.
DJ Mazmorra (Bilbo)
• Espero daitekeenetik aldentzen da Mazmorra taldearen musika.
Gela (Madril)
• Soinu organiko eta analogikoen arteko sinergiak bilatzen ditu.
Mursego (Eibar)
• Abangoardia, folklorea eta musika klasikoa hibridatu nahian.
Olor (Ermua)
• 80ko hamarkadako synth pop eta oihartzun industrialak.