Giza katearen Bergarako tarterako 400 bat bergarar falta dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko eka. 1a, 16:00

Bergarar bat Irizar jauregi ondoko murala margotzen, artxiboko argazki baten.

Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza kateko ordezkaritza bergararra Eibar eta Maltzaga artean elkartuko da, 69. eta 70. kilometroetan; 1.000 herritar behar dituzte bi kilometrook osatzeko eta oraingoz 600 bat lagun saretu dituzte.

Eman eskua etorkiZUnari. Horixe da Gure Esku Dagok ekainaren 10erako antolatu duen giza katera begirako leloa. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 201,9 kilometroko giza kate horrek eta 12:00etatik 12:30era iraungo du. Hori bai, 11:00etarako nor bere lekuan egon beharko da. Bergarari Eibar eta Maltzaga arteko 69. eta 70. kilometroak betetzea dagokio.

Astebete pasatxo falta da "etorkizuna irabazteko" asmoz antolatu den giza katerako eta Bergaran ere erlojuaren kontra ari dira lanean. 2014tik Bergarako Gure Esku Dago lantaldeko kide den Aitor Erañak nabarmendu duenez, herritarren aktibazioa ezinbestekoa izango da erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin.

"Gazteen falta sumatu dugu"

Erañak dio pasatu berri diren Pentekoste jaiek eragin zuzena izan dutela izen-ematean: "Jende gaztearen falta sumatzen dugu bereziki; jaiak eta azterketak direla-eta nahiko erlaxatuta dabiltzala dirudi... Hala ere, espero dugu azken orduan helburuak beteko ditugula; duela lau urte ere jaietan tokatu zitzaigun giza katea eta gogoan dut 1.000 pertsona lortzea zela helburua eta 1.600 lagun batu zirela. Horietako asko eta asko azken astean batu ziren eta uste dugu aurten ere antzeko zerbait gertatuko dela. Halaxe espero dugu, behintzat".

Duela lau urteko giza katean "ilusio berezi bat" zegoela aitortu du Erañak, baina argi dauka mugitzen jarraitu beharra dagoela. "2014koa lehen giza katea zen, zerbait berria, eta oraingoa bigarrena da. Gainera, Katalunian gertatu dena ikusita batzuei ilusio hori apaltzen joan zaie. Guk esaten duguna da zerbait lortzeko mugitu egin behar dela. Mugimendu feministaren eta erretiratu zein pentsionisten borroka ikusi besterik ez dago; mugitu direnean hasi dira politikariak ere mugitzen, pixkanaka izan arren".

Argazkia: Giza kateko 69. eta 70. kilometroak betetzeko 1.000 bergarar behar dituzte; goiko argazkian, Bergarako tartearen planoa.

Leizeagako Eroski izango da topalekua

Eibar eta Maltzaga arteko bi kilometro betetzea da Bergararen erronka. 1.000 bergarar batu beharko dira, eta 600 lagundik gora direnez, oraingoz, kilometro bakarra bete dute; horregatik dei berezia egin diete bergararrei giza katera "lehenbailehen" batu daitezen eta dagokien metroa eros dezaten. Eguenean, 18:30etik 20:30era, Irala kalean –Peñalba ondoan– jarriko dute mahaia, eta zapatuan, leku berean, 11:30etik 14:00etara egongo dira.

Behin metroa erosita, autobusean joateko txartelak Pol-Pol tabernan erosi ahalko dira ekainaren 8ra arte. Oinez joan gura dutenak 08:30ean irtengo dira Bergaratik, bizikletan joango direnak 09:00etan eta autobusak 09:30ean eta 10:00etan. 11:00etarako nork bere lekuan egon behar du. Gainera, jakinarazi dute autoendako aparkaleku bakarra Eibarko Asitain industrialdea izango dela. "Guk autobusean joateko dei egiten dugu. Leizeagako Eroskitik irtengo gara denok, oinez, bizikletaz edo autobusez izan. Leizeagako Eroski izango da guztiondako topalekua". Bestalde, giza katearen osteko ospakizunik ez da faltako; izan ere, Eibarren bertan arratsalde osorako plana zehaztu dute: elektro-txaranga, bazkaria, zuzeneko kontzertuak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak