Bergara Kirol Elkarteko futbol sailak nesken futbolaren alde egindako apustua berretsi eta neska gehiago erakarri gura ditu hurrengo denboraldiari begira. "Iazko erronka izan zen 100 nesketara heltzea eta dagoeneko kopuru hori gainditu egin dugu. Zehazki esateko, 105 neska aritu dira aurten gurean. Bailara moduan ez dago klubik halako zenbakirik duenik eta Gipuzkoa mailan ere erreferente izateko bidean gaude. Oso-oso pozik gaude", adierazi du BKEko presidente Iosu Elorzak.
Duela hiru urte zuzendaritza berria sartu zenetik lehentasunen artean kokatu zuten nesken futbolari "merezitako bultzada" ematea: "Bi talderekin hasi ginen eta hiru urtean bost talde izatera pasatu gara". Familia handitzen jarraitzea da domekarako Agorrosinen prestatu duten topaketaren helburua. Udalak ere begi onez ikusten du BKEren apustua. "Lanean gabiltza, baina bide luzea dugu egiteko kirol elkarteekin batera; BKEk bere kabuz egin duen lanketa oso positiboa eta beharrezkoa da", uste du Berdintasun zinegotzi Maite Agirrek.
Mahonero Eguneko zozketa
Ekainaren 23an ospatuko dute Mahonero Eguna, hirugarren urtez jarraian, talde guztiak ospakizun giroan batzeko. Egun horretan egingo dute Aspanogi haur minbizidunen guraso elkartearen aldeko zozketa; Aspanogirendako 10.000 euro lortzeko erronka zehaztu dute.