Elementalekoek botako dute jaietako txupinazoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko mai. 16a, 15:00
Elementaleko langileak, zuzendaria eta zuzendari ohiak.

Pentekoste jaietako txupinazoa botatzeko ardura izango dute Miguel Altuna institutuko ordezkariek. Garai bateko eta egungo langile talde bat igoko da udaletxeko balkoira; esker oneko hitzak izango dituzte herritarrendako. Aurtengoa izango da Ibargarai kaleko eraikinean egingo duten azkeneko ikasturtea; lekuz aldatuko dira ondoren.

Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkarien eskutik hasiko dira aurten Pentekoste jaiak. Txupinazoa botatzeko ardura izango dute haiek; eta, hain zuzen ere, esker oneko hitz batzuk esango dituzte udaletxeko balkoitik. Jai batzordeak erabaki du ohore hori Miguel Altuna Lanbide Heziketari ematea. Hainbat izan dira horretarako arrazoiak: aurten 90 urte bete ditu Miguel Altuna Lanbide Heziketak. Urte hauetan guztietan bergararrei eta inguruko herritarrei emandako zerbitzua eskertzeko modua da, duda barik. Gainera, ikasturte berrian, Miguel Altuna eraikinez aldatuko da; hori dela eta, Agur Elementala kanpainan murgilduta daude.

Lehengoak eta oraingoak

Txupinazoa botatzera joango dira gaur egungo langile taldea eta baita garai batean lanean ibilitakoak ere. Denak udaletxeko balkoira igotzea ezinezkoa izango denez, ordezkaritza batek hartuko du txupinazoa botatzeko ardura. Eskolako ordezkariek "lau hitz" esango dituzte. Batetik, Jai batzordeari eskerrak nahi dizkiote, eurekin akordatu direlako. "Bestetik, Pentekoste jaiak ondo pasatzeko desioko diegu herritarrei", adierazi dute, eta, horrez gain, "beti errespetuz jokatzeko" eskatuko dute.

'Agur Elementala'

Miguel Altuna Lanbide Heziketa Agur Elementala kanpainan buru-belarri dabil. Bazkaria egingo dute ekainaren 9an, zapatua. Lanbide Heziketak Bergaran izan duen ibilbidea oparoa izan da. 1845ean sortu zen; orduan, probintziako Bigarren Hezkuntzako goi mailako institutua zen, eta Errege Seminarioan kokatu zen. Gaur egungo eraikina 1944an ireki zuten. 74 urteren ondoren, lekuz aldatuko dira. 2018-2019 ikasturtean Miguel Altunako eraikin berrian amaituko dituzte ikasketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak