Eskaintza zabala prestatu du aurten ere Xaxauk; eskaintza hori, gainera, balio jakin batzuei lotuta egongo da. Txosnagunea euskaldun, feminista, aske eta alaia izatea gura dute.
Bertakoa eta osasuntsua
Txosnaguneko janari postuaren kudeaketa izango da aurtengo berritasuna. Bertako produktuen alde egin dute, eta elikadura osasuntsuarekin duten konpromisoa erakutsi. Janari postuan, harategiko eskaintzaz gain, eskaintza begetarianoa eta beganoa ere izango da ogitartekoetan eta errazioetan. Afalorduan, gainera, egunero platerean paella jateko aukera egongo da. Herriko hainbat kuadrillak hartu dute lan hori egiteko ardura.
Domeka: Lokatza eguna
Iaz egin zuten moduan, aurten ere herriko eragile bat omenduko dute: Lokatza ziklismo eskola, hain zuzen. Gainera, domekan, eurek izango dute paella prestatzeko ardura. Eta, nola ez, musikak ere bere tokia izango du. Eskaintza zabala prestatu dute. Xaxauk eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, antolakuntzan erakutsitako prestutasunagatik.