Urtero hainbat lekutako gonbidatuak ekartzen dituzte herrira Bergarako Erraldoi Taldekoek, eta halako egunak aprobetxatzen dituzte taldekideek elkar ezagutzeko eta, bide batez, baita kanpotik etorritako erraldoiak erakusteko.
Bergararrak iaz egon ziren Ondarroan euren erraldoiekin, eta, elkartrukean, aurten, hangoak etorriko dira hona. Kataluniako Reus hirira, berriz, datorren urtean joateko asmoa dauka Bergarako taldeak, eta aurtengo Pentekosteetan Bergaran izango dira haiek. Bi talde horiez gain, Berriozarkoak eta Artikakoak ere etorriko dira hilaren 19an, zapatuan, Bergaran izango den Erraldoi Eguna ospatzera.
11:30ean, talde gonbidatu horiek guztiek kalejiran egingo dute Espoloitik San Martin plazarainoko bidea; eta 13:00etan, dantza erakustaldia egingo dute plazan.
Goizean, gainera, 11:00etatik 14:30era bitartean, San Martin plazan hainbat lurraldetako erraldoi txikiak izango dira ikusgai, umeendako puzgarriak izango dira, baita palomita makina ere.
Bazkaltzen, Seminarioan, 200 lagun inguru elkartuko dira, eta, 18:00etatik aurrera, kalejira eta dantzak egingo dituzte herriko kaleetan zehar. Herriko erraldoiek ere parte hartuko dute arratsaldeko ekitaldian, eta, guztira, 36 elkartuko dira, erraldoi handiak, ertainak eta txikiak kontuan hartuta.
Egun aberasgarria
Bergarako Erraldoi Taldeko kide Andoni Goitik adierazi du eurendako egun "garrantzitsua" izaten dela eta entseguetan murgilduta dabiltzala, jaietako egun handian guztia primeran atera dadin. Gaineratu du publikoaren erantzuna "oso ona" izaten dela, umeak, gazteak eta nagusiak erakartzen dituztelako egun horretan, eta, eurendako, egungo erronkarik handiena taldearen jarraipena bermatzeko herriko gazteen konpromisoa dela. Urrian, esaterako, Torrejon de Ardoz-era joango dira (Madril), eta datorren urtean haiek ere izango dira Pentekosteetan.