Zapatuan Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian husna berdindu ostean lortu zuen BKEk matematikoki kopako txapeldun izatea. Zortzi taldeko ligaxka izan da; aretxabaletarrak bigarren zeuden eta irabaztea bakarrik balio zitzaien. Galduta ere, BKEk aste honetan beste aukera bat izango zuen lau puntuko aldea zutelako. Partidu "oso borrokatua" izan zen: "Txapelketa guztian oso ondo aritu dira gure neskak eta merezimendu osoz lortu dute txapeldunak izatea", dio Elorzak.
Txapeldunak, "merezimendu osoz"
BKEko zuzendaritza oso pozik dago lorpenarekin: "Beti da pozgarria klubeko talde batek txapelketa bat irabaztea. Maila oso ona eman dute eta merezimendu osoz dira txapeldunak. Gehienbat eurengatik pozten gara eta noski, kluberako oso positiboa da horrelako lorpen bat izatea. Aste honetan emakumezko infantil taldeak finala jokatuko du, ia bigarren txapelketa bat ere lor dezakegun", gaineratu du.
Orain dela hiru urte zuzendaritza berria sartu zen BKEn eta helburu nagusietako bat emakumezkoen futbola garatzea zen. "Ikusten dugu neskatila gazteak futbolean aritzeko ilusio eta gogoa daukatela, ondo pasatzen dutela, eta gure lana horretarako lanean jarraitzea da. Ziur gaude horrelako poztasun gehiago jasoko ditugula", uste du presidenteak.
Aspanogirendako diru bilketa
Bestalde, Aspanogi elkarteari laguntzeko ekimen solidario bat ere jarri zuten martxan duela aste batzuk; helburua da 10.000 euro lortzea. "Erronka handia dugu baina uste dugu helburu lortuko dugula. Erantzun oso ona izaten ari da eta espero dugu gure ahaleginak Asponogirentzat lagungarri izatea". Herriko zenbait taberna eta dendetan salgai jarraitzen dute txartelak eta ekainaren 23an ospatuko dute Mahonero egunean egingo da zozketa.