Itxura berria estreinatuko dute Pentekosteek. Urtero moduan, jaiak iragartzeko kartela zein izango zen aukeratzeko, lehiaketa egin du Udalak, eta, guztira, hamazazpi lan aurkeztu ziren –beste bat erretiratu egin zen–. Astebetez udal webgunean egon ziren ikusgai kartel guztiak, herritarrek gustukoena aukera zezaten, eta jai batzordeak aukeraketa egin du: beste urte batez, Aitor Marauri diseinatzaile bergararrak irabazi du jaiak iragartzeko kartelaren lehiaketa. Airean balantza eta Pentekosteetan dantza izena jarri dio aurten kartelari.
Zapiek, irudi berriak
Bestetik, Jardun euskara elkarteak jaietarako atera zituen zapi guztiak agortu egin ziren iaz, eta aurten, 1.750 berri aterako ditu egun hauetarako; helduendako 1.650 egingo dituzte eta haurrendako, berriz, 100 aterako dituzte.
Estreinakoz, gainera, bereziki haurrendako izango diren zapiak aterako dituzte, eta horietan jarriko den irudia ere lehiaketa bitartez aukeratu dute. Helduen zapirako marrazki irabazlearen egilea Eneko Ibañez izan da, eta, haurren sailean, Elaia Maurek egindakoa izan da onena, epaimahaiaren ustetan. Lelo bera eramango dute biek, Elaia Maureren esaldi hau: Aho bizi, euskaraz bizi!
Herriko zenbait tabernatan eta jaietako egubakoitzean San Martin plazan jarriko dituzte salgai, 3 eurotan.