Idiak eta 2.000 kiloko harria izango dira protagonista maiatzaren 22an, martitzena, San Martin plazan, 12:00etan egingo den erakustaldian. Ez dago lehiarik, ezta desafiorik ere. Idiak nola gidatzen diren erakutsiko dute Belarretak eta Gorostiolak. "Lehiaketetan egiten den probetako bat egingo dugu. Alegia, plazan zehaztuko den 25 metroko ibilbidean joanetorrian ibiliko gara, hogei minutuz. Tarte horretan distantzia luzeena egiten duena izango da idi pare onena", esan du Jose Ramon Salegi bergararrak.
Distantzia hori neurtzeko, iltze delako unitatea hartzen da kontuan. Hau da, ibilbidearen joanetorria kontuan hartzen duen unitatea.
Belarretak eta Gorostiolak probarri edo harri berbera izango dute. 2.000 kilokoa. Hortaz, animalien gidaritzan egongo da erakustaldiaren gakoa. "Nork bere idiak eramango ditu. Hortaz, euren lana eta gure gidaritza izango dira inportanteak. Askotan eta leku askotan egindako lan berbera da, baina egun guztiak ez dira berdinak", esan du. Iazko Pazkoetan Mikel semeak gidatu zituen etxeko idiak. Aurten, aita izango da lan hori egingo duena. "Mikelek igeltsua dauka besoan. Hortaz, niri dagokit aurtengo erakustaldia egitea", dio Salegik.
San Martin plazako zorua ona ei da animaliekin ibiltzeko. "Plaza ona da. Animaliak gustura ibiltzen dira, labaindu barik, eta herritarrek ere ondo erantzuten dute".
Laguntzaileak
Idi-probetarako erabiltzen den probarria errektangularra da. Zertxobait estuagoa da aurreko aldean. Hor zulo bat dauka, katea ipintzeko. Kate horretan lotzen da harria. Hori gidatzen laguntzeko, bina lagun ditu idi pare bakoitzak. Idi-probalariak dira horiek. "Gure artean karretero berba erabiltzen dugu. Karreteroak gara idiekin ibiltzen garenak", azaldu du. Belarreta eta Gorostiola aurrean joango dira, akuiluarekin. Eta atzetik, lagun bana izango dute. Belarretak Idoiaren laguntza izango du eta Gorostiolak, Ainhoarena.