Antonio Gonzalez: "Saltsa ondo loditzea oso garrantzitsua da"

Mireia Bikuña 2018ko mai. 17a, 16:30

Azken hiru urteetako bakailao lehiaketa Aiz-Pe elkarteko sukaldariek irabazi dute. Antonio Gonzalezek eta Jenny Higuerok bikote ederra osatu dute; bada, aurten, beste lagun batekin aurkeztuko da Gonzalez hilaren 19ko bakailao lehiaketara.

Bakailaoa, olioa eta berakatzak. Horiek dira bakailao lehiaketarako parte-hartzaileek jasoko dituzten osagaiak. Guztiendako berberak. Eta horiekin egin beharko dute Pazkoetako bakailao onena. Goxoena.

Elkarteen arteko lehiaketa hilaren 19an egingo dute, San Martin plazan, 11:00etan. Eta, azken urteetako palmaresa ikusita, bakailao onena Osintxukoa dela esan daiteke, zalantza barik. "Egia esan, nahiko harrituta nago lehiaketan lortutako emaitzengatik: lehenengo urtean ez genuen saririk lortu; bigarrenean, bigarren lekuen geratu ginen; eta azken hiru urteetan, irabazi egin dugu", esan du Aiz-Pe elkarteko Antonio Gonzalezek.

Saltsa loditzea

Eta harridura hori bereziki dator bakailaoa pil-pil erara Pazkoetako lehiaketan bakarrik egiten duelako. "Gainera, ez zait askorik gustatzen bakailaoa eta etxean ere ez dut prestatzen. Pazkoetan bakarrik", dio, barrez.

Hark eta Higuerok egindako bakailaoaren gakoa non dagoen galdetuta, ez du erraz erantzuten. "Ez dakit. Guk ohiko erara egiten dugu". Akaso, saltsan dago trukoa? "Saltsa ondo loditzea oso inportantea da. Hori da pilpil eraren ezaugarri garrantzitsuena. Loditasun hori lortzeko, lapikoa mugitu egin behar da, bakailaoak duen gelatinak olioarekin bat egin dezan", kontatu digu.

Beste laguntzaile bat

Lehiaketa irabazi duen hiru aldietan Higueroren laguntza izan du. Aurten, baina, beste laguntzaile bat topatu beharko du. "Jennyk ezkontza bat dauka. Hortaz, laguntzaile bila nabil", kontatu du, barrez.

Epaimahairen lana

Lau lagunek izango dute bakailao onena aukeratzeko ardura, eta aurrez zehaztutako irizpideak puntuatuko dituzte: zaporea, itxura, saltsa, gatz puntua... "Bakarka, bakailao guztiak probatuko ditugu eta bakoitzari puntuazio bat emango diogu. Ostean, lauron artean aukeratuko dugu irabazlea", esan du epaimahaiko kide Iñaki Agirrek.

Era askotako bakailaoak daude eta horrek ere eragina dauka azken emaitzan. "Iaz, adibidez, Portugalgo bakailaoa erabili zuten. Jateko latza da eta ez du askorik laguntzen saltsa loditzen, baina emaitza goxoak egon ziren", dio. Prestatzeko era oso inportantea dela dio: "Pazientzia eta neurria ondo hartuta edukitzea ezinbestekoak dira”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak